Gosua pilota txapelketa :: Isasik eta Ucelay-k final handia jokatuko dute larunbatean

Isasik Amiamak errez garaitu du (22-8); Lekunberri ere Ucelay-k garaitua izan da (22-13)

Leioako aterpeko lehen buruz buruko txapelketa baditu bere lehen bi finalistak: Julen Isasi leioaztarra eta Ander Ucelay balmasedatarra. Finalera heltzeko biek erromomotar ezkertiak izan dituzte aurkari: Pello Amiama eta Mikel Lekunberri hurrenez hurren.

Lehen final-erdia bietan lehiatuena espero zen. Ez zegoen faborito argirik baina Julenek Pello frontoitik atera du. Pello urduri hasi da partidua jokatzen. Lehen sakean falta egin eta Julenek 14 -0 partziala markatu du. Leioaztarrak sekulako kolpea erakutsi du eta Pellok ezin izan dio inongo momentuan aurre egin. Argi eta garbi Julenek orain arteko partidurik onena jokatu du. Azkenean 22 eta 8 nagusitu da Sarrienako mutila.

Bigarren partiduan ustekabe handia gertatu da: Ucelay-k “Lekun” garaitu baitu, 22 eta 13. Balmasedako pelotaria partidu nahikotxo galduta iritsi da final-aurrekoetara, baina izan dituen “final-aurreko” guztiak aurrera ateraz, finalean sartzea lortu du. Erromotarrak ordea, txapelketa hasi zenetik partidu bakarra zuen galdua, baina gaurkoan ez du bere mailarik eman. Partida erdialdera arte oso lehiatua izan da, tanto bizi eta zirraragarriekin.

Horrela izanda, larunbateko jaialdiko partiduak zehaztu dira: hirugarren eta laugarren postuaren lehian erromotar derby-a izango dugu: Amiama eta Lekunberri ezkertiak. Eta txapeleketari amaiera emateko final handia: Isasi eta Ucelay. Leioaztarra izango da faborito, baina Anderrek erakutsi du honez gero edonor garaitu dezakela.

Jaialdia otsailaren 10ean, larunbatean, arratsaldeko 18,30ean jokatuko da.

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude