Leioako bikotea irabazle Goxua pilotaren binakako txapelketan

  1. Emakumezkoen Pala txapelketaren finalean Eider eta Irune suertatu ziren irabazle I Ikusle ugari eta giro polita izandako partiduetan

Atzo arratsaldean jokatu ziren Udaletxearen Frontoian Leioako Atxiki Pilota Taldeak antolatutako Binakako Goxua Txapelketa eta Emakumezkoen Pala Txapelketaren finalak.

Arratsaldeko 18:00etan hasi zen pala txapelketaren finala. Maddi eta Enara Eider eta Iruneren aurka aritu ziren. Azken bi hauek eskuratu zuten txapela, 30-22 irabazita. Partidu gogorra izan bazen ere, txapeldunek laster lortu zuten markagailuan alde handia ezartzea (18-8), Maddi eta Enarak bueltarik ematea lortu ez zutelarik.

Goxua pilota txapelketari dagokionez, 3. eta 4. postuetarako partidua Erromoko Astigarraga anaiek irabazi zuten Algortako Beni eta Landaren aurka. Emaitza ezin estuagoa izan zen, 22-21, eta oso partidu ikusgarri eta ederraz gozatu ahal izan zuten bertaratutako ikusleek. Partiduan zehar algortarrak aurretik joan baziren ere, azkenean erromotarrek berdinketa lortu eta azken tantoa irabazita partidua poltsikoan sartu zuten.

Finalean Imanol Barrenetxeak eta Julen Isasik osatutako bikote leioaztarrak Orozkoko Lejarreta eta Pagaza mendean hartu zituzten, sekulako partidua eginda. Barrenetxeak hutsik egin ez eta Isasik boleaz min handia egin zieten orozkotarrei, azkenean 10ean geratu zirelarik. Azken emaitza, beraz, 22-10 leioaztar bikote gaztearen alde.

Atxiki Pilota Taldekoak pozik azaldu dira aurtengo txapelketak izandako arrakastarekin. Eta ospatzeko, elektrotxaranagak eta Balmasedako Ander Uzelai bertsolari gazteak girotutako poteo bertso-musikatua egin zen herrian zehar.


Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude