Leioako Emakumeek bere bostgarren garaipena jarraian lortu dute azken minutuetan

Leioako Emakumeek 2-1 garaitu dituzte Erandioko Betiko Neskak FKE Euskal Ligari dagokion 13. jardunaldian. Leire Landa eta Ángelaren golek 90 eta 96. minutuetan markagailua irauli dute lau garaipeneko bolada onari jarraipena emateko.

Partidu honetarako entrenatzaileek Nile berreskuratu dute zigorra bete ondoren, baina Naroa eta Macaren bajak oraindik pairatzen dituzte. Hamaikakoan Uxue, Garazi, Irati, Ziortza, Amaia Solar, Ane, Idoia, Maitena, June, Ángela eta María egon dira.

Lehen zatian erandioztarren gola heldu da. 18an Naiarak errematatu du eskuin hegaletik bidalitako erdiraketa bat, bakar-bakarrik eta, ustez, jokoz kanpo, baina leioaztarren kexek ez dute ezertarako balio izan eta markagailuan 0-1ekoa jarri dute.

Bigarren atarian baloi jabetza leioaztarrena izan da baina ez dute ate erandioztarrerako bidea topatu. Maríak aukera ona izan du jokaldi polit baten ostean baina bere jaurtiketa aldeko sarera joan da. 89an Ángelak langara bidali du burukada bat eta itxaropena galtzear zeuden leioaztarrak. Baina 90. minutuan Leire Landak lortu du berdinketaren gola, eta 96ean Ángelak eskuairan jarri du urrutiko jaurtiketa gogor-gogorra 2-1ekoa egiteko. Partidu gogorra izan arren, Leioako Emakumeek merezitako saria jaso dute. Gainera, golak azken minutuetan heldu dira eta bereziki Ángelaren gol benetan ikusgarria jaia piztu du Sarrienan.

Bostgarren jarraipena jarraian da leioaztarrentzat eta guztira 8 garaipen, berdinketa bakarra eta 4 porrot pilatzen dituzte. 25 punturekin Erandioko Betiko Neskak aurreratu dituzte sailkapenean (25 punturekin ere) eta 4. postura egin dute salto. Lehen hiru sailkatuak 4, 5 eta 6 puntura daude, eta haien bila joateko garaipena lortu nahi izango dute Leioako Emakumeek datorren asteburuan Barakaldon.


LABURREAN

Partidua:  Leioako Emakumeak 2 – 1 Betiko Neskak F.K.E.

Txapelketa: Euskal Liga

Jardunaldia: 13.a

Hasierako hamaikakoak:

Leioako Emakumeak: Uxue; Garazi, Irati, Ziortza, Amaia Solar; Ane (c), Idoia; Maitena (Amaia Altzaga), Ángela, June (Landa); María

Golak:

0 – 1  Naiara (18. minutua)

1 – 1  Landa (90. minutua)

2 – 1  Angela (96. minutua)

Txartelak:

Landa, txartel horia (68. minutua)

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude