SD Leioak markagailuari buelta eman eta 6 jardunaldi daramatza galdu gabe

SD Leioak 3-1 garaitu du Barakaldo CF 2. B mailako II taldeari dagokion 15. jardunaldian. Partiduko lehen gola Ander Vitoriak lortu du Barakaldo CFrentzat baina Yurrebaso, Aitor Aspas eta Iriondoren golei esker leioaztarrek bi garaipen kateatu dituzte.

Jon Ander Lambeak Izaro zeukan partidu honetarako baja bakarra, eta bere ordez Yosu Camporro sartu da 18 jokalariko deialdian. Hasierako hamaikakoa Iturrioz atezaina, Goti, Luca Ferrone, Córdoba, Alain, Aitor Aspas, Undabarrena, Iriondo, Lean, Yurrebaso eta Óscar Garcíak osatu dute.

Lehen gol aukerak SD Leioarentzat izan dira. 4. minutuan Alex Iriondok jaurtiketa saiatu du baina langa gainetik joan zaio, eta 6.ean Eneko Undabarrenak ere ez du aterik ikusi. Minutu berdinean, Alberto Ocak ezker hegaletik falta bat erdiratu du eta Ander Vitoria SD Leioako jokalari ohia buruz errematatu du barakaldarren gola lortzeko. 12. minutuan Iturrioz atezainak ekidin du Barakaldoren bigarren gola geldiketa ikusgarri batekin. Ordu laurdenean heldu da leioaztarren berdinketa. Kornerra leioaztarren alde eskuin hegaletik, Irazustabarrena atezainak ezin baloia egoki urrundu eta Lander Yurrebasok, area txikitik, egin du tantoa. 22an Ander Vitoria golegileak zelaia utzi behar izan du eta bi taldeko zaleen txaloak jaso ditu. Sergio Buenacasa sartu da bere ordez. 31. minutuan Aitor Aspasek falta bat jaurti du eskuin hegaletik, baloia ez du inork ukitu eta zuzenean ate barrura sartu da, markagailuari buelta emanez. Atsedenaldira heldu baino lehen, Urtzi Iturriozek bere bigarren geldiketa ikusgarria egin dio Sergio Buenacasari.

Bigarren zatian Aitor Larrazabal entrenatzaileak Alain Arroyo zelairatu du Andradaren ordez, eta hark eduki du partida berdintzeko aukera garbia 60. minutuan. Minutu gutxira, Buenacasaren jaurtiketa Urtzi Iturriozekin topatu da, berriz. Sententziaren gola Alex Iriondok lortu du 71n beste korner batean. Partiduko gol guztiak baloi geldituko jokaldietan izan dira. Barakaldo CFk aukera gehiago izan ditu Alain Arroyoren oinetan, baina leioaztarrak oso ondo planteatu dute partidua eta 3 puntuei eutsi diete.

Horrela, SD Leioak bere 20. puntua lortu du, jardunaldia bukatzeke egon arren, 9. postuan kokatzen da. Guztira, 5 garaipen, 5 berdinketa eta 5 porrot pilatu dituzte leioaztarrek, eta azkeneko bolada onari esker, sailkapeneko beheko postuetatik ihes egitea lortu dute. Hurrengo jardunaldia datorren larunbatean, hilak 25, jokatuko dute Gobelan Arenas Cluben kontra.


LABURREAN

Hasierako hamaikakoak:

S.D. Leioa: Iturrioz; Goti (Morci), Luca Ferrone, Córdoba (c), Alain, Aitor Aspas; Undabarrena, Iri; Lean (Nico Baleani); Óscar García (Magdaleno) y Yurrebaso.

BarakaldoC.F.: Irazusta, Fernando Andrada (Alain Arroyo), Xabi Galán, Olaortua, Rubén González, Picón, Oca, Cerrajería (c)  (Iru), Ander Vitoria (Sergio Buenacasa), Jurgi Oteo e Iddrisu Baba.

Golegileak: 0-1, 6. m. Ander Vitoria; 1-1, 15. m., Yurrebaso; 2-1, 31. m., Aitor Aspas; 3-1, 71. m., Iriondo.

Txartelak: 31. m. Baba, 51m.  Alain Álvarez, 58. m. Alain Arroyo, 76. m. Córdoba, 88. m. Undabarrena.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude