SD Leioak puntu baliotsua lortu du Las Gaunas-en

SD Leioak eta UD Logroñesek 2-2 berdindu dute Las Gaunas futbol zelaian, 2.B mailako II taldeari dagokion 10. jardunaldian. Talde errioxarra 2-0 aurreratu da lehen zatian Raycoren 2 golei esker, baina bigarrenean Yurrebasok eta Óscar Garcíak berdinketa lortu dute.

Jon Ander Lambea entrenatzaileak Jorge utzi du deialditik kanpo eta Iri sartu da bere ordez. Lesio eta zigorrik ez zegoenez, jokalari guztiak zituen jokatzeko prest entrenatzaileak.

Nahiko berdinduta hasi da partida lehen minutuetan, baina Logroñesek azkar hartu du aginte-makila eta bere jokoa inposatu du Las Gaunas-en. Rayco izan da etxeko taldearen izarra, lehen zatiaren bi golak sartu baititu, biak berdintsuak. 27 eta 41. minutuetan bina bat-biko pase jaso ditu area barruan eta Iturrioz atezaina gainditu du bina jaurtiketa gurutzatuz.

Bigarren zatia hasi bezain pronto Lander Yurrebasok Gotiren erdiraketa bat sareratu du bigarren zutoinean. 48. minutua zen eta markagailuak 2-1ekoa adierazten zuen. Leioaztarrek ez dute amore eman eta 58. minutuan Gotik aukera ona izan du jaurtiketa polit batekin, baina atezainak gelditu du. 61ean heldu da berdinketaren gola, Yurrebaso eta Gotiren arteko konbinazio ona, erdiraketa, eta lehen zutoinean Óscar Garcíak gola egin du, buruz. 2-2koarekin Logroñesek gol-aukera argiak eduki ditu Muneta, Marcos André eta Ñoñoren oinetan, baina hirurek huts egin dute eta markagailua ez da gehiago mugitu.

Horrela, SD Leioak joera txarrarekin bukatzen du puntu baliotsu bat lortzen zelai konplikatu batean. Hala ere, leioaztarrak play out postuetara erori dira 9 punturekin, eta hurrengo asteburuan Bilbao Athletic-en aurka jokatuko dute Sarrienan, beraz, etxetik kanpo lortutako puntua baliagarria egin behar da etxean irabazten.


Hasierako hamaikakoak:

UD Logroñés: Miguel; Miguel Santos, Caneda, Ramiro, Paredes; César Remón (Arnedo, m.82), Carles Salvador; Espina (Muneta, m.54), Rayco, Ñoño (Germán Sáenz, m.90) y Marcos André.

SD Leioa: Iturrioz; Luca Ferrone, Córdoba, Óscar Pérez, Magdaleno; Undabarrena, Nicolás; Yosu Camporro (Iri, m.75), Goti, Óscar (Lean, m.85; Aitor Aspas, m.88) y Yurrebaso.

Golak: 1-0, m.27: Rayco; 2-0, m.41: Rayco; 2-1, m.48: Yurrebaso; 2-2, m.62: Óscar.

Txartel horiak: m79 Undabarrena, m80 Miguel Santos, m81 César Remón eta m93 Córdoba.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude