SD Leioak urteko lehen 3 puntuak lortu ditu Anduvan

SD Leioak 1-2 garaitu du CD Mirandés liderra 2.B mailako II taldeari dagokion 20. jardunaldian. Leioaztarrak nagusi izan dira lehen zatian eta bi gol lortu dituzte. Bigarrenean Mirandesek markagailua estutu du baina ezin izan dute berdinketa lortu. Goti eta Aitor Aspas izan dira golegileak. SD Leioa 12. sailkatua da 25 punturekin.

Hasierako hamaikakoa Iturrioz, Luca Ferrone, Magdaleno, Córdoba, Óscar Pérez, Iri, Goti, Baleani, Aitor Aspas, Yurrebaso eta Óscar Garcíak osatu dute.

Ezin hobeto hasi da partida Jon Ander Lambearen mutilentzat oso goiz aurreratu baitira markagailuan. 3. minutuan Aitor Aspasen areaz kanpoko ezkerkada zutoinean jo eta ate barrura sartu da. SD Leioaren 450. gola izan da Nazio mailan. 19. minutuan Óscar Garcíak txartel horia ikusi du epaileak penalti bat simulatu duela ulertu duelako. 22an Garcíak berak aukera ona eduki du, baina bere jaurtiketa langan jo du. 37. minutuan heldu da partidako bigarren gola. Óscar Garcíak, berriro ere, baloia berreskuratu eta asistentzia ona eman dio Gotiri, eta honek ez du atezainaren aurrean hutsik egin. Eta horrela bukatu da lehen zatia.

Bigarren zatian CD Mirandések aurrera pauso bat eman du eta gol aukerak sortzen hasi da. Camacho zelairatu du Pablo Alfarok eta berea izan da lehen aukera. Geroago, 52an, Peláez saiatu da area kanpotik, baina bere jaurtiketa biguna Iturriozek harrapatu du. Eta 57an lortu du Mirandések bilatutako saria. Berriro Peláez izan da protagonista eta oraingoan ez du hutsik egin, 52 minutuko bezalako jokaldi batean. Hortik aurrera, mirandarrek aukera gehiago sortu dituzte, baina leioaztarren defentsa ona eta Urtzi Iturriozen geldiketek markagailua mantendu dute.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude