Sakoneta polikiroldegia eraikitze lanetako argazkia

Argazki zaharrak I Idoia López, leihoa.info

Gaurko argazkian Sakoneta Polikiroldegia egiten ari zeneko irudia erakutsi nahi dizuegu. Bertan egun duen itxuraren antzik ez badu ere, jakin badakigu hori herriko lehen kiroldegiaren lanetakoa dela ezen bertan lehengo frontoiaren horma eta zorua ikusten direlako eta horrekin batera, Elexalde auzoko etxeak, Ama Mesedetako ikastetxea eta haranzko bidean dauden etxeak agertzen direlako. Noski, orduan ez zegoen Osasun Zentroa egina, ezta bere aurreko plaza edota Ikea Merkatua eta bere atzeko plaza eta taberna.

Orduko Sakoneta eskoletako patioak eta frontoia ere, beren gaurko itxuararekin, eraikitzeke zeuden. Baina badakigu 1978. urteko lehenengo Ibilaldiak, egun, Getxon egin zela esaten bada ere, Leioa eta Getxo arteko ibilbidea egin zuela, eta gure herrian argazkian agertzen den Sakoneta Frontoian izan zuela elkargune, bertan kokatu baitzen Ibilaldiaren txosna.

Frankismo osteko lehen udal hauteskundeak 1979. urtean egin zirenez, eta polikiroldegiarena udal berriaren lehen herri-lan nagusia izan zenez, ez dago dudarik argazkia 80. hamarkadako erdialdekoa dela.

Orduan proiektu guztiz berria izan zena herriko funtsezko ekipamendu bilakatu zen. Baina gaur egun bere jarraipena da ezbaian dagoena. Batzuk, bere eraispena defendatzen dute, polikiroldegi guztiz berria eraikitzearen aldekoak direlako. Beste batzuk, aldiz, polikiroldegi berri batekin batera, Sakonetaren jarraipenaren aldekoak dira. Tartean, seguru asko, San José eta Elexalde auzoetako etxeen eta Sakonetako kiroldegi eta eskolaren eraistea eta etxe berri gehiago eraikitzearen proiektua egongo da. Eta litekeena da ere tranbiaren inguruko erabakian hori guztia aurkitzea.

Proiektu handiak, erabaki garrantzizkoak, baina informazio gutxi herritarren artean. Zer gertatuko den hurrengo hilabeteetan argitzen joango da.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude