EHU eta PCR testak: eman ta zabal zazu?

LAB sindikatuaren sail sindikala EHUn

Covid-19 pandemiagatik alarma estatua ezarri eta egun gutxitara EHUko ikertzaile talde batek, beste ikerketa-zentro batzuetako ikertzaileekin batera, prozedura berri bat garatu zuten PCR testak egin ahal izateko. Denbora errekorrean garatzea lortu zuten, lan-ordu asko sartuz eta auzolanean antolatuta. Apirilaren 8an EHUko Campusa aldizkarian iragarri zenez, prozedura honen berariazkotasuna % 100koa da eta sentsibilitatea %92koa. Gainera, erabiltzen diren kit komertzialak baino askoz merkeagoa da, test bakoitzak 15 bat euroko kostua izanda. Aste bat beranduago EHUk jaso zuen test horiek egiteko Carlos III Osasun Institutuaren baliozkotasuna. Ikertzaileen arabera, prozedura berri honi esker, EHUk eguneko 500-1000 test egin ahal izango luke eta, PCRak egiteko ekipoak dauzkaten EAEko laborategi guztiak koordinatuta, eguneko 10.000 test egitea posiblea izango litzateke.

Momentu horretatik hasi zen surrealismo ukituak izango lituzkeen egoera, atzean egon daitezkeen interesak sumatuko ez bagenitu. Argi dago testak EHUtik era masiboan egiteak unibertsitate publikoaren erreferentzialtasuna indartuko lukeela eta, azken urteetan ikusten ari garenez, guztiak ez daude horren alde. Beste alde batetik, ez dugu ahaztu behar testek ekimen pribatuari negozioa egiteko aukera handia eskaintzen dietela ere, eta arlo publikotik prezio baxuetan egiteak aukera hori zapuztuko luke neurri handi batean. Hasieratik Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailetik ekimen honi garrantzia kendu zitzaion eta baztertzen saiatu zen. Halako larrialdi egoera batean hain lagungarria izango zen aukera hau gutxiesteak ezinegona sortu zuen jendartean, baita EHUko komunitatean ere. Ondorioz, apirilaren 25ean publiko egin zen adierazpen bat (https://testmasiboenalde.wordpress.com/), aste batean UPV/EHUko irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileen artean 1000 atxikimendu baino gehiago jaso zuena.

Handik egun gutxira, EHUk eta Osakidetzak PCR testak egiteko lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, EHUko ahalmena ez erabiltzeak sortutako harridurari eta adierazpen publiko honek sortutako presio mediatikoari erantzun bezala interpreta daitekeena. Izan ere, hitzarmenaren ostean gaia desagertu da hedabideetatik. Edozelan ere, bi elementuri erreparatu behar zaio. Alde batetik, EHUko parte-hartzea Osasun Ministeriak martxan jarritako prebalentzia ikerketan aritzera mugatzen zen, 5000 pertsonei testa egitea aurreikusiz. Beste aldetik, momentu horretatik hona izandako oztopoak eta atzerapenak etengabeak izan dira: Osakidetzak eman beharreko balidazio klinikoa berandutzea, Osakidetzatik heltzen ez diren laginak, proba pilotuetan arazoak, boluntarioen azterketa medikuak atzeratzea eta, behin eginda, laginak hartzeko itxaroten jarraitzea… Horretaz eta zenbat test egin diren galdetuta, EHUko gobernu taldeak ez du erantzun zehatzik eman. Denbora igarotzean, EHUk eta Osakidetzak sinatutako hitzarmena gai deseroso hau medioetatik kentzeko bluff bat izan zela gero eta ageriko agertzen da. Bi hilabete beranduago, ekimen horren potentzialtasuna gutxienekoan geratu da. Jendarte arduratsu batean hau eskandalu bat izango litzateke.

PCR testak egiteko prozedura garatu duen taldeak bere eskaintza zabala egin zuen erakunde publikoek jendartean test masiboak egiteko erabiltzeko. Azaldu dugunez, handik aurrera gertatutakoak interes ilunak eta baliabide eta arlo publikoaren gaitasunen xahubide argia erakutsi dizkigu. Prozedura eta baliabide teknikoak badaude, balidazioak badaude baita giza-baliabideak ere (testak egiteko teknikariak eta osasun-pertsonala), zergatik uko egin zaio aukera hau erabiltzeari? Test honekin momentuan kutsatuta dauden pertsonak detektatzen dira, baina asintomatikoak detektatze hutsak aurrerapen nabari bat suposatuko luke pertsona horien ingurukoentzat baita pandemia kontrolatzeko. Eta testak maiztasun batekin egiteko programa batean kokatuta, kutsatua izateko arriskua asko gutxituko litzateke. Zentzu horretan, LAB sindikatutik ere, populazio osoari test masiboak egitea eskatu zen, lan arloan ere nondik hasteko lehentasunak finkatuz. Kolektibo batzuei testak egin bazaizkie (osasun zerbitzuetako langileak, egoitzetako pertsonala, arrantzaleak…), zergatik ez erabili unibertsitate publikoaren baliabideak beste kolektibo eta pertsonak ere babesteko? Zergatik erabaki dute aukera hau zokoratzea jendarteari baliabide hau ukatuz?

Agintari politikoek EHUk jendarteari begira duen ahalmena baztertu egin dute, eta EHUko gobernu taldeak otzantasunez onartu du. Aukera ezin hobea galdu da unibertsitate publikoak jendartearen premiazko beharrei erantzuteko, hainbestetan errepikatzen den gizartearen zerbitzuan egotearen izaera erakusteko eta EHUko ikertzaileek egiten duten lana nabarmentzeko. Maiz markatzen digute ezagutzaren transferentzia unibertsitatearen ildo garrantzitsuenetako bezala. Oraingoan, jendartearekiko transferentzia larriki kutsatuta geratu da. Honelako egoerek “Eman ta zabal zazu” lelo famatu hori baita unibertsitate publikoaren ustezko autonomia ea non geratzen den hausnartzera eraman behar gaituzte. Zein unibertsitate publiko nahi eta behar dugun birplanteatzera eraman behar gaituzte.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude