Euskararen marka lantzeko proiektu berritzailea abian jarriko dute

Euskalgintzako eragileek eta EHUk parte hartuko dute I Markagintzan eta marketinean baliatzen diren teknikak hizkuntza plangintzara ekartzea da egitasmoaren muina

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) NIK taldeak euskararen marka aztertzeko ikerketa proiektu bat garatuko du euskalgintzako eragileekin batera. Eragile horien  ordezkariak atzo bildu ziren EHUk Bilbon duen Bizkaia Aretoan: Jon Zarate (UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea); Estitxu Garai (Ikerketa Proiektuaren zuzendaria), Paul Bilbao (Kontseiluko idazkari nagusia), Joxemari Sors (Elkar Fundazioko lehendakaria); Olatz Olaso  (Emuneko zuzendari orokorra), Bea Zabalondo (Berria Taldeko presidentea); Jon Abril (Elhuyar Fundazioko zuzendaria), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkarteko lehendakaria), Manuel Moreno (Euskaltzaleen Topaguneko ordezkaria), Iñaki Urkijo (AEK-ko artezkarikidea) eta Josu Amezaga (Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko zuzendaria eta NOR taldeko ikerlari nagusia).

“Alor akademikoan, proiektu aitzindari eta berritzailea da, markaren kontzeptua hizkuntzen eremuan aplikatzen den lehenengo aldia delako”, adierazi du EHUk. “Marka bat eraiki eta elikatzeko prozesuak gizarteko alor guztietara zabaltzen ari dira, pertsonak, lurraldeak eta baita kultura jakinak ere marka gisa jorratzeko joera gero eta hedatuago baitago”. Halere,  “nazioartean “hizkuntza markagintza” jorratu duen aurrekaririk ez dago”,  eta markagintzaren aldaera berri honen kontzeptualizazioa mamitzeko eta proiektua aurrera eramateko propio eratu du unibertsitateko aditu talde batek NIK ikerketa taldea: Estitxu Garai, Irene Garcia, Patxi Azpillaga, Irati Agirreazkuenaga, Angeriñe Elorriaga, Koldo Atxaga, Sergio Monge, Ainara Miguel eta Naroa Jauregizuria.

Behin markagintzaren jakintza teoriko eta praktikoak hizkuntzaren eremura ekarrita, edozein hizkuntzatan baliagarria izan daitekeen eredua sortzea da asmoa. Teknika kualitatibo eta kuantitatiboak baliatuko dira eta ikerketa hurrengo hilabeteetan egingo den makroinkesta batekin amaituko da. Ondoren, emaitzak lantzearekin batera, “euskararen kasurako rebranding edo marka estrategia proposamena egingo dute”, esan du Estitxu Garai proiektuaren zuzendariak.

Emaitzek euskararen erabileran eragiteko bide emango dutela deritzote egitasmoaren bultzatzaileek. “Euskara inguratzen duten narratibek eta euskarari lotutako asoziazio positiboek eragin zuzena izan dezakete berau erabiltzeko motibazioan. Izan ere, gero eta eleanitzagoak diren jendarteetan, komunikaziorako tresnak izateaz gain,  hizkuntzek balio sinbolikoa hartzen dute. Metaforikoki azalduta, hizkuntza bakoitza soineko jakin bat bihurtzen da, ezaugarri sinbolikoz jositako soineko. Euskararen soinekoa jantzita gure burua nola ikusten dugun eta nola sentiarazten gaituen, nola baldintzatzen duen soineko horrek besteek nola ikusiko gaituzten, horra hor proiektu honek landu asmo duena” adierazi du Estitxu Garaik.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude