Zer berri? :: “Etxea”, Paco Rocaren nobela grafikoa

Urteen urteez, oroigarri eta oroitzapenez bete du jabeak etxea, bere bizitzaren lekuko isila den etxe hori. Era berean, etxearen irudikoa da jabea. Beti elkarrekin bizi izan diren bikoteen antzera. Eta hala, han bizi dena behin betirako desagertzen denean, etxearen barrukoa gelditu egiten da, hautsak hartuta, jabea noizbait itzuliko ote den.

Kontakizun honetako protagonista diren hiru neba-arrebak familiaren etxera itzuli dira, aita hil eta urtebetera. Hura saltzeko asmoa dute, baina oroitzapenei aurre egin beharko diete, botatzeko trasteren bat hartzen duten bakoitzean. Beldur dira ez ote diren iragana alboratzen ari; aitaren oroitzapena, baita eurena ere. Oihartzun autobiografikoak adi daitezke Paco Rocaren azken lan honetan, gertutik bizi izan duen egoera bat kontatu beharrak eragindakoak, Zimurrak obran gertatu zitzaion moduan.

Paco Roca marrazkilari valentziarrak Estatu Batuetako Eisner saria irabazi berri du ‘The house’ (Etxea) eleberri grafiko honengatik; zehazki, nazioarteko materialaren edizio onenaren saria jaso du. 2015. urtean argitaratu zuen Astiberri Bilboko argitaletxeak Paco Rocaren ‘La casa’ eleberri grafikoa. Iaz Fantagraphics argitaletxe estatubatuarrak kaleratu zuen ingelesez, eta aurten argitaratu du Astiberrik obraren euskarazko bertsioa.

Ez da hau Rocaren lanak irabazi duen lehen saria. Aurreko urteetan Zona Cómic saria estatutko komiki onenari (2016an); Estrella 2016 saria Le Parisien egunkariak urteko komiki aipagarrienari emana; Romako komiki jaialdiaren 2017ko Romics Sari Nagusia  eta 2017ko Romics Saria Romako komiki jaialdiaren komiki europear onenari ere irabaziak zituen.

Astiberri argitaletxeak kaleratutako beste liburu batek, Emma Rios galiziarraren Bella Muerte 3 alegia, azal onenaren saria ere eskuratu du Eisner sarietan.

Sari hauek urtero San Diegoko Comic-Con jaialdian banatzen dira, baina aurten, koronabirusaren pandemia dela eta, Phil Lamarr aktoreak aurkeztutako zeremonia birtual batean eman ditu jakitera.

Paco Rocaren Etxea nobela grafikoaren irudi bat. Argazkia: Astiberri

 

Info +

Izenburua  Etxea

Egilea  Paco Roca

Argitaletxea  Astiberri

Orri kopurua  136, kolorez

Argitalpen urtea  2020

Salneurria  16,00 € (paperezkoa), 5,00 € (digitala)

Hizkuntza  Euskara

ISBN  978-84-16251-63-6

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude