Auto batek adingabe bat harrapatu du Askartza Clareten

Laster bertaratu ziren Ertzaintza eta anbulantzia eta, antza denez, adingabea onik irten da. Maiatzean best istripu bat egon zen bidegurutze berean

Iragan ostiral goizean auto batek adingabe bat harrapatu zuen Askartza Claret Ikastetxearen irteeran. Anbulantzia azkar heldu zen eta zauritua ospitalera eraman zuten frogak egiteko. Antza denez, ez du zauri larririk eduki.

Goizeko 8:00ak aldera gertatu zen istripua. Askartza Claret Ikastetxetik irtetzeko errepidean urbanizazio eta zebrabide bat daude eta urbanizaziotik irteten diren autoak dira lehentasuna dutenak. Ikastetxetik jeisten direnak Stop bat egin behar dute. Antza, gidariak Stop-a salto egin eta zebrabidea gurutzatzen ari zen adingabea harrapatu zuen, kolpe ikusgarria jasoz. Gidariak autoa gelditu eta zauritua zaindu zuen anbulantzia eta Ertzaintza heldu ziren arte.

Auzokoek diotenez, inork gutxik errespetatzen du Stop hori eta ez da irteera horretan gertatzen den lehen istripua. Maiatzean auto batek motor-gidari bat harrapatu eta ihes egin zuen. Askartza Ikastetxeak gutun bat bidali die gurasoei Stop hori errespetatu behar dela gogoratzen, baina auzotar batzuek ez dute nahikoa ikusten eta, puntako orduetan, trafikoa udaltzain batek zuzentzea eskatzen dute.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude