Bizkaiak ibai azpiko eraikuntzaren eta kudeaketaren esperientzia holandarra ezagutu du

Foru Aldundiko Lurralde Garapena Sustatzeko Arloaren arduradunek Westerscheldeko tunela bisitatu dute. Tunel horrek 6 kilometro zeharkatzen ditu itsaspetik eta itsasadarraren bi aldeak lotuko dituen tunelaren proiektuan aurrera egiten jarraitzeko erreferentzia bat da. «Tunel hori aukera konplexuei irtenbide konplexuak arrakastaz emateko aukeraren adibide bat da. Antzekotasunak daude bi proiektuen artean eta alde teknikotik eta kudeaketaren aldetik, informazio baliagarria lortzen dugu», adierazi du Imanol Pradales foru Diputatua.

Bizkaiko Foru Aldundiak Holandan jarri du arreta itsasadarraren azpian Nerbioi ibaiaren bi aldeak lotzeko balioko duen tunel bat eraikitzeko proiektuan aurrera egiteko. Lurralde Garapena Sustatzeko Arloko arduradunek Zeelandeko eskualdea bisitatu dute, bertan aurkitzen baita Westerschelde Tunnel-a. N62 autobide holandarrean, 6,6 kilometroko luzera duen itsaspeko tunel bat da eta Herbeheretako errepideetako tunelik luzeena da.

Westerschelde Tunnel-a 2003an jarri zen martxan, mugikortasunaren arazo historiko bati irtenbide bat emate aldera; izan ere, inguruko geografia zela eta, herritarrek ibilbide luzeegiak egin behar zituzten errepidetik eta ferryen zerbitzu garestiak erabili behar zituzten uharteen eta kontinentearen arteko distantzia egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiak azpiegitura horretan jarri du arreta, tunelaren proiektuari eta eraikuntzari dagozkion xehetasunak eta zerbitzuak martxan daramatzan 15 urteetako kudeaketa eta bere proiekzio eta abiarazpenari loturiko gai sozioekonomikoak ezagutzeko.

Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak itsasadarraren azpiko tunelaren trazadura zehatza uztailean esleitu berri den informazio-azterlan batean zehaztu beharko dela gogorarazi du. «Proiektuaren lehenengo pausua besterik ez da. Oraindik asko dago definitzeko eraikuntza eta ibilbideari buruzko gai teknikoenetan. Eta garrantzitsua da beste esperientzia batzuk gertu-gertutik ezagutzea. Holanda, mota horretako azpiegiturei dagokienez, erreferentziako herrialde bat da Europan; etengabe itsasoarekin borrokan ari den geografia batekin bizi dira eta egoera horrek irtenbide berritzaileak ezartzera behartu ditu. Tunel hori aukera konplexuei irtenbide berritzaileak arrakastaz emateko aukeraren adibide bat da. Antzekotasunak daude bi proiektuen artean eta, besteak beste, segurtasunari eta kudeaketa teknikoari buruzko informazio baliagarria eskuratu dugu, bai eta segurtasunari, mantentze-lanei eta kudeaketari buruzkoa», ziurtatu du.

Imanol Pradalesek azaldu du Westerschelde Tunnel-ak zenbait antzekotasun dituela Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarraren azpian tunela egiteko proposatu duen proiektuarekin (horren helburua lurraldeko gaitasun handiko errepideen sarearen hauskortasuna konpontzea da; Arrontegik ez baitauka alternatibarik): biak doaz ur azpitik, biek dituzte errepideak, luzerari dagokionez ez dira oso desberdinak, baliagarriak izan daitezkeen eraikuntza metodoak, zeharkatutako lursailak, bi hodiko irtenbidea edo ibai-kanalaren nabigagarritasuna. «Holandako azpiegituren administrazioarekin eta Westerschelde Tunnel-eko operadoreekin harremanetarako bide hau ezartzea oso lagungarria izan daiteke Bizkaian itsasadarraren azpian tunela egiteko proiektuaren garapenerako», adierazi du.

XXI. mendeko Bizkaiko obrarik garrantzitsuena Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera

Itsasadarraren azpiko tunelaren eraikuntza eta Supersur saihesbidea osatuko duen bigarren fasea Bizkaiko Foru Aldundiak metropolialdeko trafikoaren dentsitate handiak sortzen dituen arazoak konpontzeko prestatu duen plan integraleko bi jarduketa handiak direla azpimarratu du diputatuak. Hala, Pradalesek iragarri du Supersur saihesbidearen bigarren fasea urriaren amaieratik azaroaren hasierara bitartean esleitu ahal izango dela, 2019an obrekin hasi ahal izateko.

Bi jarduketetan, guztira, 580 milioi euro inbertituko dira. Ez dira aldi berean martxan jarriko: Supersur saihesbidearen bigarren fasea 2023 ingururako egon liteke martxan; tunela, berriz, ez da martxan jarriko 2027ra arte. Azterketa teknikoen arabera, egunero, 53.000 ibilgailuk erabiliko dute itsaspeko tunela; Supersur saihesbideak, aldiz, 24.000 ibilgailu izango ditu egunero. Gainera, foru Aldundiaren kalkuluen arabera «tunelari esker, 17.500 ibilgailu gutxiago ibiliko dira A8tik Max Center-en, 41.000 Arrontegitik eta 38.000 Avanzadatik».

Bestalde, tunelean autoak ez diren beste garraiobide batzuetarako berariazko eremua egongo dela aurreikusten da, hau da, azpiegitura multimodala izango dela.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude