Udal Batzak Euskararen Plan Estrategikoa eta Soinu Atadiaren Estatutu berriak onartuko ditu gaurkoan

Udalak gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Osoko Bilkuraren bilera egingo du bederatzi puntuko Gai-ordena jorratzeko, horietatik sei erabakitzeko atalari dagozkionak eta gainontzekoak Udalbatzak Udal Gobernuaren kudeaketari egiten dion kontrola eta jarraipenari dagozkionak, besteak beste, Alkatetza-presidentetzak onetsitako maiatzaren 24tik ekainaren 20ra bitarteko ebazpenak.

Hasiera batean, nahiz eta LGTBIren (lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualak) Harrotasun Egunaren inguruko Adierazpen Instituzionala Osoko Bilkuran aurkezteko asmoa bazegoen onartua izan zedin, ez zegoen aurreikusita premiazko moziorik. Hala ere, tokiko Gobernuaren aldetik oposiziko taldeei Udalaren Adierazpen Instituzional gisa aurkeztu zitzaiena EAJ eta PSEren udal taldeen premiazko mozio bilakarazi dute, egonezina sortu duena oposizioan dagoen EH Bildun,  Adierazpen Instituzional honen jabe egin nahia somatu baitu talde bi horien jokamolde horren atzean. Gainera, ezkerreko talde abertzalea kexu da ezen, nahiz eta bere zenbait proposamen bildu bere baitan EAJk eta PSEk aurkeztuko duten “premiazko mozioa”, bere taldea mozioaren aurkezpen bateratutik baztertua izan baita.

Hika-mika sortuko duen gai horretaz gain, Osoko Bilkuraren erabakitzeko diren gaien artean azpimarragarriak dira Euskararen Plan Estrategikoarena,  Soinu Atadia Erakunde Autonomoaren Estatutuen proposamena eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako Leioako Udalak burutu duen Tutoretzapeko Etxebizitza arautegiaren hasierako onarpena. Gai hauekin batera 2017 urteko fiskalizazio arloko esku-hartzearen txostena eta udal eraikin eta lokalen garbiketaren inguruko maiatzeko fakturarena ere aztertuko dira.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude