Giza eskubideek mugarik ez dutela aldarrikatu du Mugak Zabalduz karabanak

Migranteen eta errefuxiatuen aldeko manifestazioa egin zuten atzo ehunka lagunek Gironako Salt herrian. Factoria Cultural Coma Crosen batu ziren Mugak Zabalduz karabanan parte hartzen ari diren kide denak, espainiar Estatuko txoko denetatik etorritakoak. Hala, arrastiko 20:30ean pasatxo abiatu zuten mobilizazioa, bertako Banda Marcial 504 batukadaren doinuek gidatuta. Denera, 500 pertsona inguruk parte hartu zuten protestaldian, pertsona migranteen eskubideen oihuak ozen zabaltzeko herriko kale denetan.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, Salt herriko 30.000 biztanleen %37 inguru migranteek osatzen dute, eta horrexegatik aukeratu dute udalerri hori karabanari hasiera emateko. Girona Acull taldeak ondorioztatu duenez, “horrek esan nahi du hiru pertsonatik batek ez duela bozkatzeko eskubiderik eta, ondorioz, politika xenofoboei aurre egin behar izaten diete”.

Manifestazioaren ondoren, bertako zein egun berezi horretara hurbildutako denentzako afaria egin zuten udalerriko hainbat elkartek. Munduko askotariko lekuetako zaporeez gozatu eta tripak asebete ostean, euren aldarrikapen denak jakinarazi zituzten Mugak Zabalduz karabanan parte hartzen dabiltzan elkarteek. Besteak beste, gogoratu zuten abiatutako karabana feminista dela, eta emakume migranteen egoera azaleratu gura izan zuten. Era berean, migranteentzako bide “aske eta seguruak” aldarrikatu zituzten, baita Frontex erakundea desegiteko eta salbamenduko neurri berrien beharra ere. Horiez gainera, harrera-politika duinak eta eraginkorrak eskatu zituzten, Dublineko Erregelamendua bertan behera uzteko eskariagaz batera. LGTBI kolektiboko migranteek jasaten dituzten erasoak ere salatu zituzten.

Bidean utzitako kideak gogorarazteko tartea ere izan zuten Salten bildutakoek. Izan ere, aurtengo karabanan parte hartzeko asmoa zuen baina orain dela gutxi zendutako Marije izan zuten akorduan, eta “Agur andreak” abestia eskaini zioten. Egunari amaiera emateko, Tropical Roots, Hora de Joglar eta DJ Merey taldeen kontzertuak egon ziren.

Ventimigliara bidean

Kontzertuak amaitu eta goizeko 03:00ak aldera abiatu dira Ventimigliara (Italia) gaur Euskal Herriko eta inguruetako 130 kideak. Asmoa eguerdian bertara heltzea da, karabanako gainontzeko kideakaz eta Italiako txoko denetatik etorriko diren ekintzaileakaz migranteentzako eta errefuxiatuentzako erresidentzia-baimen europarraren aldeko manifestazioa egiteko, 14:00etatik 20:00etara. Izan ere, gogoratu dutenez, gaur Nazioarteko Elkartasun Eguna da Ventimiglian.

CC: hiruka.eus

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude