Hika-mikak Uda programaren inguruan

UdaLeioan programan izena eman duten haur guztiek plaza lortu dutela eman du ezagutzera gaur Udalak.

Lehenengo eta bigarren hamabostaldia beterik daude, eta izena eman duten ume guztiak onartu dira, tokiko instituzioak ezagutzera eman duenez.

Jarduerak Altzaga, Txomin Aresti, Artatza eta Mendibileko ikastetxe publikoetan izango dira datorren asteazkenetik aurrera, uzztailak 1.

UDA lan poltsaren begiraleen haserrea eragin du erabakiak

Leioako Udalak urtero antolatzen ditu UDA izeneko udaleku irekiak 7-13 urte bitarteko ume eta gaztetxoentzat. Udaleku horretan begirale lana egiteko Udalak lan poltsa bat du eratua, hortik behar diren begiraleak kontratatzeko.

Ezagutzera eman duten komunikatuan diotenez, “maiatzaren 21ean jakin genuen Udalak Covid-19a dela eta, “osasuna babesteko eta kutsatzeak saihesteko neurri gisa” udalekuak bertan behera geldituko zirela.Neurri honen jakitun, Udaleko webgunean eskegitako albiste baten bitartez izan ginen.” Baina, handik hilabetera, ekainaren 20an, “Leioako txikiek UdaLeioan kanpaina berriaz gozatuko dutela” jakin zuten, berriro ere, Udalaren webgunearen bitartez.

UDA programaren begiraleak Udalarekin kontaktuan jarri ziren, eta UDA kanpaina urteroko formatuan bertan-behera geldituko zela berretsi, eta aurtengo udalekuak azpikontratatutako enpresa batek kudeatuko dituela jakin zuten. “Gaur gaurkoz, udalekuak hasi baino bi egun lehenago, Udaleko langileen arabera ez dakite zein enpresari esleitu zaion zerbitzuaren kudeaketa.”

Gertatutako guztiaren harira, udalekuetako lan-poltsa publikoko langileok, lehenik eta behin “Covid-19 pandemiaren aitzakia hartuta, urteetan zehar publikoa izan den zerbitzuaren kudeaketa pribatizatu izana” salatu dute.

Bestalde, pribatizazioaren ondorioz, “Leioako gazte asko lanik gabe geratu izana, urteetan zehar lanpostuak esleitzeko erabilitako lan-poltsa publikoa albo batera utzi dutelako” kritikatu dute. “Azpimarratzekoa da, gazte askorentzat urteko diru sarrera bakarra izan ohi dela udalekuena, eta egun bizi dugun krisiaren testuinguruan, are egoera larriagoan uzten gaituela guzti honek. Izan ere, Udalak udalekuen kudeaketa enpresa pribatu bati esleitzeaz gain, ez du lan-poltsa publikoko langileon laspostua bermatu.”

Udal lan poltsa horretako begiraleen iritziz, “prozesu guzti honetan begiraleok izan dugun desinformazioa eta gardentasun falta” nabarmena izan da, “ez delako inor gurekin kontaktuan jarri aldaketa guzti hauen berri emateko.”

Horregatik guztiagatik, Udalari gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatzen dizkiote UDA programaren begiraleek eta datozen urteetan “udalekuaren antolaketa publikoa berreskuratzea, eta aurtengoari dagokionean, aurreko urteetako lanpostuak mantentzeko neurriak har ditzaten.”

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude