Kirol Klub pribatuaren proiektuari buruzko mahai-ingurua San Bartolomen

Gaur, Azaroak 22, ostirala, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, San Bartolomeko Kultur Aretoan Grupo Atucha SL entrepresak eta Salamankako Domingotarren Amek Kurkudi Mendian duten Komentuan Kirol Klub pribatua jartzeko egitasmoaren inguruko mahai-ingurua antolatu dute San Bartolomé Auzo Elkarteak, Artatzagane Auzo Elkarteak eta Auzotarrok Kultur Elkarteak.

Leihoa.info-k jakin izan duenez, mahai-inguruaren antolatzaileek proiektuaren aldeko eragileak eta horren kontrakoak gonbidatu ditu gaurko ekitaldi honetara. Hala ere, ez dago baieztatuta Kurkudi mendiko lurzoru ez urbanizagarri eta babes bereziko hori eremu urbano bilakatzea defendatzen dutenak bertaratuko diren ala ez.

Eztabaida udalean

Herriko Udalbatzaren urriko bilkuran proiektua eztabaidatu zenean, PPk, PSEk eta PNVk babestu eta oniritzia eman zioten. EH Bilduk eta Elkarrekin Leioa taldeak, aldiz, kontrako jarrera erakutsi zuten.

Dirudienez, Kirol Klub pribatuaren proiektua sustatzen ari den enpresa, Udalbatza izan baino lehen, PPrekin eta zalantzak erakutsi zituen PSErekin bildu ziren egitasmoaren “onurak” azaltzeko. Plenoan PSEk izan zituen “zalantzak” uxatu dituela eta proiektua babestuko duela adierazi eta hala bozkatu zuen. PPk, espero bezala, PNVk lehen momentutik izandako jarrera  bera izan du, hots, proiektua babestea.

Proiektuaren kontra dauden alderdi politiko eta elkarteekiko bilerak

Edozelan ere, badirudi Artatzagane eta San Bartolome Auzo Elkarteek Auzotarrok Kultur Elkartearekin batera gaurko antolatutako mahai-inguruak eta sare sozialeten zabaldutako berriak eta kontrako jarrerak sustatzaileen kezka piztu duela. Bestalde, Grupo Atucha SL enpresaren ordezkariak proiektuaren kontra azaldu ziren udal taldeekin biltzeko gonbitea luzatu duela eta, ziurrenik ere, gauza bera egingo du (honez gero egin ez badu) San Bartolome eta Artatzagane Auzo Elkarteekin eta Auzotarrok Kultur Elkartearekin.

Bien bitartean, inguru horretako bizilagunak proiektu honen inguruan egon den informazio eskasarekin eta inguruko auzoetan (Peruri, San Bartolomé, Artatzagane, Artatza eta Sarriena) izango dituen eragin kaltegarriekin kezkatzen hasiak dira. Kezka sortzen duen puntuetako bat da proiektuak eragingo duen trafikoaren biderkatzea aipatu auzoetatik. “Egun Arteara joateko biribilgunea kolapsatu egiten da maiz, batez ere asteburuetan, eta Kirol Klub pribatua martxan jarriz gero hori areagotuko da. Zer esan Peruri auzoan izango duen eragin kaltegarria, bide zuzenena baita Dominiken komentura heltzeko, hori bai, auzoaren erditik igarotzen den errepide estu batetik joanda”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude