Euskal gehiengo sindikalak protestak enpresetan eta burrunbak eguerdian deitu ditu

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek langileen haserrea erakusteko mobilizazioak deitu dituzte biharko, instituzioek konfinamendua etxeetan mantentzen duten bitartean lantokietako aktibitatea gelditzeko erabakia hartzeari uko egin diotelako. Euskal gehiengo sindikalak osasuna, enplegua eta lan baldintzak defendatzera dei egiten du. Langileei euren lantokietan, dituzten aukera eta medioak erabiliz, mobilizatzeko dei egin diete: geldialdiak, elkarretaratzeak, argazkiak, burrunbak eta abar.

Deialdia egiten duten sindikatuek adierazi dutenez, haserrea “gure osasuna arriskuan jartzen ari direlako” sortu da. Oinarrizko zerbitzuetan (osasungintza, zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, garbiketa, garraio publikoa, anbulantziak, supermerkatuak…) diharduten langileen kasuan beren osasuna “bermatzeko neurri prebentiborik gabe” ari direlako eta, ondorioz, “eguna joan, eguna etorri, osasuna arriskuan dute eure lanpostuetan”.

Bestalde, oinarrizko zerbitzuetan aritzen ez diren langileen kasuan, “lanera joatera behartuta daude, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroak Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak langileen osasunaren gainetik jarri dituztelako”. Sindikatuek diotenez, “langile horien osasuna ere ez dago bermatuta”.

Gainera, mobilizazioen deitzaleek salatu dute lanpostuak ari direla arriskuan jartzen: “Aurreko krisi ekonomikoa langileoi ordainarazi ziguten. Orain patronalek eta gobernuek osasun krisia ere langileok ordain dezagun nahi dute. Jada hasi dira behin-behineko kontratuak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen eta milaka ERTE tramitatu dituzte inongo negoziaziorik gabe, besteak beste”.

Era berean, “lan baldintzak arriskuan jartzen ari direla” uste dute. “Aurreko krisia garesti ordaindu genuen, gure bizi baldintzak eta lan baldintzak etenik ez duen prekarizazio prozesuaren ondorioz”. Eta instituzio eta enpresaburuei leporatzen dizkie “errezeta bera aplikatu nahi digutela” oraingoan ere: negoziaziorik gabeko ERTEak, patronalaren neurrira eginiko erabakiak, lan baldintzen okertzea…

Horregatik, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Confebask eta CENi eskatzen diete osasuna, enplegua eta lan baldintzak lehenestea, horretarako “oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak eta efektiboak diren neurri prebentiboak ezarriz, oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera utziz eta enplegua eta lan baldintzak bermatuz”.

Burrunba balkoi eta leihoetan eguerdiko 12:00etan

Euskal gehiengo sindikalak dei egiten du, bide batez, eguerdiko 12:00etan protesta zaratatsua egitera instituzioek agindutako konfinamenduetako etxeetako balkoi eta leihoetan, horrela herritarren haserrea erakutsiz egungo egoerarekin eta osasuna, lan baldintzak eta enplegua lehenetsi dadila eskatzeko.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude