LAB: “Uztailaren 12ko hauteskundeetan kapitala eta bizitzaren artean hautatu behar dugu”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Eraketako idazkari Dabid Lizarraldek egindako agerraldian krisi ekonomiko eta soziala gainean dugula eta “langileok ez gaude prest berriro ere faktura guk ordaintzeko” adierazi dute. Diotenez, “ezkerreko alternatiba soberanista sendo bat eraikitzea beharrezkoa dela uste dugu”. Hori horrela, datorren igandeko hauteskundeek langileontzat garrantzia berezia dutela eta “kapitala eta bizitzaren artean hautatu egin behar dela” azpimarratu dute.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “2008ko krisiaren ondoren edo pandemian zehar hartu diren erabakiak kontuan hartzen baditugu, argi dago: langileriaren defentsa, langileon beharrak, ez daude egungo gobernuaren agendan”. Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusiaren aburuz, hurrengo hauteskundeetan egungo gobernua berresten bada, “zaharrak berri, ez dugu 100 egun itxaroteko beharrik, elite ekonomikoak babestuko dituen gobernua izango da”.

Herritarrak babestu nahi dituen gobernu batek, ezinbestean, aberastasunaren banaketaz hitz egin behar duela adierazi du: “Zerga politika berri bat behar da. LABek proposamen bat erregistratu du aldundietan, eta lau neurri oso zehatz proposatu ditu. Ez dugu erantzun ofizialik jaso, baina argi hitz egin du Iñigo Urkullu lehendakariak: ez da momentua gehien dutenei, irabaziak dituzten enpresei, zergak igotzeko. Orain ere ez”.

EAJrentzat autogobernuaren funtsa, LABeko ordezkarien iritziz, kontzertu ekonomikoak ematen dituen aukera guztiak baliatzea enpresa handiak laguntzeko eta babesteko. “Horretara mugatzen du EAJk autogobernua. Erabaki ahalmena negozioari eutsi ahal izatea da, ez besterik. Argi ikusi dugu erabakitzeko eskubidea jasotzen duen estatus politiko berri bati nola uko egin dion”, gogoratu du Garbiñe Aranburuk.  LABen Idazkari nagusiaren esanetan, “marko konpetentziala handitzeari uko egin eta era berean konpetentzia eza argudiatzen du, gutxieneko soldata edota pentsioak ez handitzeko aitzakia moduan. Aitzakia, borondate politiko falta kontua baita”.

Sindikatu abertzalearen ustez, “zerga politikaz hitz egiten ez bada, murrizketez hitz egin beharko da”. Izan ere, “Gobernu honekin ez dago zerbitzu publikoak indartzeko apusturik, ez osasungintzan, ez hezkuntzan, ez eta zaintza sistema publikoa sortzeko apustua ere”, esan du Aranburuk.

Elite ekonomikoen interesak defendatzen dituen Gobernua da PNV eta PSErena, LABek dioenez eta, ondorioz, ez du enplegu duinaren aldeko apusturik egiten: “Horri guztiari buruz hitz egiteko prest gaude eta eztabaidarako proposamenak egin ditugu. Izan dugu Jaurlaritzako ordezkariekin bilera, eta oso argi geratu zaigu, borondatezko hitz onen atzetik, ez dutela enplegua babesteko plan integralik bultzatuko”.

LABen Idazkari nagusiak gogora ekarri ditu langileen mobilizazioak ere:  “azken urteetan kaleak hartu ditugualdaketa sozialaren alde”. Bere iritziz, “borroka horiek guztiek bat egin zuten urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean”.  Aranburuk nabarmendu duenez “bizitza duinaren alde egiten dugunok, aldaketa sozialaren aldeko borroka eta aldarria instituzioetara eraman behar ditugu uztailaren 12an, instituzioetan ere aldaketa bultzatu behar dugu”.

Info + 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude