Leioako kaleetan “egindako mehatxuak gaitzesteko” PNVren kanpaina eta adierazpenari atxikitu zaizkie gaur PP, PSE eta EP
Leioako EAJ/PNVk atzo gauean zabaldu zuen Facebookeko mezu batetan duela 2 urte baino gehiagoko graffitiak eta pintadak pintada berri birekin nahastu zituen bere batidora partikularra biraka jartzeko. Honakoak izan ziren graffitiak:
Ulertezinak diren hitz batzuen gainean ‘PNV diruzale’ jartzen duen pintada. Ados egon zein ez, hor mehatxurik ez dagoela errez asko ondoriozta daiteke.
Beste pintada batetan (webgune porno baten helbidea dirudien baten azpian) txarto idatzitako esaldia azaltzen da: “Danok gorroto doguz polizia”. Poliziarekiko gorrotoa adierazten dena argi dago, baina noren aurkako mehatxua dago hor? EAJ/PNVren aurka, PSEren aurka, agian PPren aurka? Ez. Honekin ere, kale. Bide batez, pintada hori duela 2 urte baino gehiago omen darama hor, auzokideen arabera.
Hirugarren pintadan mezu berbera azaltzen da: “Danok gorroto dogu polizia”. Ematen du pertsona berberak egindakoa dela (beraz, garai berekoa, duela bi urte egina edo). Poliziaz gain, ez dago inolako alderdi politikoren ezta politikariren aipurik. Beraz, hau, bere kanpainaren euskarri gisa.
Badirudi, baina, herriko EAJ/PNVk benetan kezkatzen zituena beste bi pintada zirela: Batetan “espetxeak apurtu” (“acabemos con las cárceles”) jartzen da. Berria egunkarian zutabegile batek izenburu bereko iritzi artikulua idatzi zuen duela bi urte eta lehen lerroan honakoa zihoen: “Ezingo da beste mundu bat eraiki, justizia sozialetik, ez bada kartzelaren eta psikofarmakoen osoko zuzenketa bat egiten”. Hau ere mehatxua? Zaila hori argudiatzea, ezta?
EAJ/PNVren mezuan agertzen zen azkena, honela zihoen: “Patxi Ruiz, gose eta egarri greban”. Gustatu zein ez pintada, hori pintada deskriptibo hutsa da, euskal preso batek kartzelan jasaten duen egoera salatzeko egiten ibili den (egarri greba) eta egun mantentzen duen protesta (gose greba) adierazten duena. Noren aurkako mehatxua dago hor? PNVren aurka? Aipurik ez. PSEren aurka? Ezta ere. PPren kontra? Agertu ere ez hor. Beraz, inor ez ezer.
EAJ/PNVk baina, bere mezuan “Leioako kaleetan egindako mehatxuak” aipatzen zituen, eta horiek gaitzesteko alderdi horrek bultzatutako adierazpen instituzionala zabaltzen zuen. Gaineratzen zuenez, “etxe pribatuetan, alderdi politikoen egoitzetan eta kaleetan egindako mehatxuak eta erasoak” gaitzetsi eta arbuiatu dituzte. Antza, “asteburuan Leioan agertutako pintaden ondoren, udal ordezkaritza duten talde politiko guztiek, EH Bilduk izan ezik, gertatutakoa gaitzetsi dute Bozeramaileen Batzordean”.
Hori irakurrita burura etor dakigukeena da, “baina, zer gertatu da Leioan, noren etxe pribatuan, alderdi politikoen egoitzetan eta kaleetan egindako mehatxuak izan dira? Bada ez bata ez bestea, PNVren asmakeria eta urduritasunaren erakusle da gaurkoan gertatutakoa. Gezurrak eta “ez gertatuak” koktelera batetan sartu, eta interes beretsuek omen dituztenek babestutakoa. Bide batez, palmeroarena egin ez duen taldea izan duen jarrera izkutatuz (abstenitu egin baita PNVren proposamenaren aurrean eta beste idatzi bat aurkeztu baitu).
Jeltzaleek aurkeztutako proposamena
Leioako Udalaren adierazpen instituzionala
Ordezkari politiko eta hautetsien etxebizitza pribatuetan, alderdi politikoen egoitzetan, eta udalerriko kaleetan, Leioa kasu, azken egunotan jasan diren mehatxu eta erasoen aurrean, behean izenpetzen dugun Udal Taldeok ondorengoa adierazi nahi dugu:
1.-Gure gaitzespenik sendoena eta erabateko arbuioa adierazi nahi dugu norberaren intimitatearen, askatasun kolektiboaren, demokrazia parte-hartzailearen eta herriak aukeratutako ordezkari politikoen kontra egin diren erasoen aurrean.
2.- Gure elkartasuna adierazten diegu mehatxuak jaso dituzten pertsona eta alderdi politikoei, beren etxeetan eta egoitzetan indarkeriazko erasoak jaso dituztenei.
3.- Elkarrizketarekin daukagun konpromisoa berresten dugu, tresnarik eraginkorrena delako, bai eta ezberdinarekiko errespetuarekin, elkarbizitzarekin eta Bakearekin eta Askatasunarekin hitzeman dugun konpromisoa ere, gure baliorik gorenenak direlako.
EH Bilduren proposamena
Leioako Udalaren Adierazpen Instituzionala
Azken aldian alderdi politiko ezberdinen egoitzetan eta zenbait ordezkari politikoren etxebizitzen atarietan egindako pintadak eta erasoak direla eta, Leioako Udalaren Udal Taldeok honakoa adierazi nahi dugu:
- Egindako pintada eta eraso horiek irmoki errefusatzen ditugu eta horiek guztiak jasan dituztenekiko gure elkartasuna adierazten dugu. Leioako Udalaren Talde politikook demokrazia, ezberdin pentsatzeko eskubidea eta gizartearen gehiengoak bakean erabakitzeko eskubidea defendatzeaz gain, pertsona eta talde guztien eskubide guztiak aldarrikatu eta defendatu beharrekoak direla uste dugu.
- Azken urteotan sortzen joan diren kontsentsu berriak lehenetsi behar direlakoan gaude, hala nola euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea, larriki gaixo diren presoak eta 65 urtetik gorakoak askatzea, eta salbuespeneko legediaren ordez legeria arrunta aplikatzea, gradu progresioa ahalbidetuz, Nazio Batuen Erakundeak, Osasunaren Munduko Erakundeak, Europako Kontseiluak zein Eusko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak eta euskal gehiengo sozial eta sindikalak defendatzen duten bezalaxe.
Auzokide batek , gaurko “ez gertatua” komentatzen esan duenez, “urduri daude jeltzaleek halako berri asmatuak erabiltzeko bere alternatiba den beste alderdi baten aurka erabiltzeko”. Eta horrela jarraitu du: “Ez bageunden hauteskunde autonomikoen kanpainaren atarian, ez geniokeen kasurik egingo, ezen gauza jakina baita psikofarmakoak alkoholarekin nahastea bi hilabeteko konfinamenduaren ostean neuronak eta adimena guztiz txikitzen duela”.