Leioaztar langilea hil da lan istripuz Erandion

Makina batek harrapatuta hil da 41 urteko langile leioaztarra

Gaur asteazkena lanean zegoen langile baten heriotza gertatu da Erandioko Cables y Alambres Especiales entrepresan. Makina batek harrapatua izan ondoren hil da Leioako bizilagun zen langilea. 41 urteko pertsona ezaguna zen Leioan, saskibaloian jokalari eta hainbat talderen entrenatzaile izan zelako.

Heriotza honekin gutxienez 43 dira lan istripuz urte hasieratik langileak Euskal Herrian.

LAB sindikatuaren salaketa

LAB sindikatu abertzaleak prentsa ohar bidez adierazi duenez, hau bezalako istripuak “ez dira puntualak ez eta kasualitatez gertatzen. Arazo estruktural baten aurrean gaude, lan harremanen eredu zehatz bati erantzuten diote, eta eredu honetan arriskuan daude langileen osasuna eta bizitza.”

LABek “prekarietateak hil egiten duela” salatzearekin batera “erantzuleak egon badaudela eta istripuak ekidin ahal eta behar direla” dio. “Istripu honek erantzule zehatzak ditu, Cables y Alambres Especiales enpresa eta Vicinay taldea”, bere oharrean dioenez.

Istripua gertatu den enpresan “hamarkadetan zehar luzatu den inbertsio faltak asko kaltetu ditu makinak eta instalazioak eta ondorioz, bizitza arriskuan jarriz joan behar izan dute lanera langileek egunero”, sindikatuak salatzen duenez, “eta lan istripuak konstante bat izan dira azken urteotan”. Horren guztiaren aurrean, “salaketak egin ditugu, makinak gelditu ditugu eta enpresaren erantzuna izan da langileen ordezkariak presionatzea eta istripuak ekiditeko prebentzio neurririk ez hartzea.”

LAB sindikatuak “zero tolerantzia, kontrola eta zaintza exijitzen dizkiegu administrazioari” eta dei egiten du “artikula litekeen erantzunean parte hartzera eta lan-zentroetan lan-baldintza duinen alde borroka egiteko, irabazi enpresarialen gainetik langileen osasunaren alde egingo duen eredu bat helburu”.

ELAren salaketa

ELA sindikatuak, bere aldetik, “egun langileek jasaten duten prekarietate egoerra” jarri du heriotza berri honen erantzule. Dioenez, “prekarietate hau lan erritmo jasanezin, jadunaldi amaigabe eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio arautegiaren betegabetzeetan bilakatu ohi da”.

Horregatik, eta “egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala” exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlartizari. Bide batez, “lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia” luzatzen du.

Leioan eta Erandion, zenbait eragilek mobilizazioak iragarri dituzte heriotza berri hau salatzeko. LAB sindikatuak konzentrazioa deitu du biharko, hilak 21, ostegunez, 12:00etan, enpresa erandioztarraren atarian. Eta ostiral arratsaldez Leioako zenbait eragilek mobilizazioa deitzeko asmoa adierazi dute.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude