Graduko 32.500 ikaslek ikasturtea hasi dute UPV/EHUn

Ia ikasle sartu berrien %53k aukeratu du euskaraz ikastea

Matrikulazioaren azken bi epeak betetzeke dauden honetan, 8.128 ikasle berri matrikulatu dira Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) dagoeneko. Ia %53ak (4.286 ikasle), beren ikasketak euskaraz burutzeko hautua egin dute, eta beste 3.842k (%47), gazteleraz. Bizkaiko Campusa da lehenengo mailako ikasle gehien (4.446 matrikula berri) biltzen duena, sartu berri guztien %54,7.

UPV/EHUn matrikula egindako ikasleetatik nota altuena duenak 13,845 atera du (14 da atera daitekeen notarik altuena), eta Industria Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua ikasiko du. Eskaera gehien jaso dituzten titulazioen artean Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko gradu bikoitza, Biokimika eta Biologia Molekularra, Medikuntza eta Bioteknologia aurkitzen dira. Aurrekoez gain, Odontologiak, Fisikak, Fisioterapiak, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitzak eta Bizkaiko Erizaintza graduak ere eskaera handia jaso dute.

Graduondokoak

Ikasturte berri honetan, 106 unibertsitate master eskainiko dira, horietako hamabik araututako lanbide jakin batzuetan jarduteko bidea ematen dute. Master ofizial guztiak kontuan hartuta, 3.702 plaza eskainiko dira, eta matrikula irekita dago.  Horiekin batera UPV/EHUk graduondoko 40 berezko titulu eskainiko ditu, horietariko 9 berriak. Kurtso horietan ere matrikula irekita dago.

Euskal Herriko Unibertsitatek 5.598 irakasle eta ikertzaile (IIL) ditu ikasturteon, eta 1.891 Administrazio eta Zerbitzuetako (AZP) langile.. IIL-en %52,5 gizonezkoak dira, AZPkoen %64 emakumezkoak diren bitartean.

 

Sareetara