Sakonetako gimnasioaren erabiltzaileek instalazioen egoera txarra salatu dute

Sakoneta polikiroldegiko gimnasioaren erabiltzaileak instalazioen egoerarekin kezkatuta daude. Arazo nagusiak matxuratutako makinak, beroa, kiratsa eta espazio falta dira, erabiltzaileen ustez. Leioako gimnasio publiko bakarra da eta leioaztarrek urteak daramatzate polikiroldegi berri bat eskatzen.

“Udan beroa eta neguan hotza egiten du, usain jasanezina, argi mozketak edozein momentuan egoten dira, eta giroa oso kondentsatua dago, ez baitago aireztapen sistemarik”, adierazi du Dani izeneko erabiltzaileak. Jonek eta Asierrek makinen egoera salatzen dute: “materiala oso zaharra da, bereziki pisu makinak eta korrika egiteko zintak. Gainera, espazio arazoak egoten dira ordu batzuetan, erabiltzaile gehiegi garelako, eta askotan gehiegi itxaron behar dugu nahi dugun makina erabili ahal izateko”. Makinak zaharrak direnez, matxurak oso ohikoak dira, eta erabiltzaileen ustez denbora asko pasatzen da makinak konpontzen dituzten arte”.

Kontratuan zehazten denez, zerbitzua kudeatzen duen enpresak 55.000 euroko inbertsioak egin behar ditu -urtean behin- instalazioak hobetzeko, eta erabiltzaileek akordio hori ez dela betetzen ari salatzen dute. Hirigintza zinegotzia, Iban Rodriguez, Udalen Kirol Instalazioen zuzendariaren txosten batean oinarritzen da inbertsioak egin direla defendatzeko: “azken urteetan 1,2 milioi euro erabili ditugu polikiroldegian hobekuntzak egiteko. Diru hori Pinosolon egin nahi dugun polikiroldegi berrian erabili behar genukeen. Sakoneta erreferentea izan zen bere garaian, baina gaur egun zaharkitua geratu da”.

Enpresa pribatu batek kudeatzen du gimnasioa, eta kontratua ekainean bukatu zen arren, enpresa horrek jarraitzen du gimnasioa kudeatzen. Erabiltzaileek adierazi dute ez direla gauzatu zin egindako inbertsioak instalazioak hobetzeko, eta dirua egon badagoela kritikatzen dute. Kontzesioa bukatu ondoren kudeaketa publikoa izango zela iragarri zuen udalak. Bestalde, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen kudeaketa publikoa izatera pasatzeko eta EAJk blokeatu zuela kritikatzen du: “mozioa orain dela asko eztabaidatu behar zen, baina oraindik ez da ez batzorde ez plenotik pasatu” adierazi du Aritz Tellitu EH Bilduren zinegotziak.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude