Urtarrilaren 31ra arte luzatu da alokairurako laguntzetarako eskaerak aurkezteko epea

Hilaren 31ra arte luzatu berri du Udalak gazteei zuzendutako 2019ko alokairu-etxebizitzen laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza hauek 18 eta 35 urte bitartean izan eta emantzipatu diren leioaztar guztiei zuzenduta daude. Laguntzak 180 eurotik 450 eurora bitartekoak izan daitezke, eskatzailearen diru-sarreren arabera.

Betekizunei, eskabide-ereduari eta deialdiaren oinarri arautzaileei buruzko informazio guztia leioazabalik webgunean eta Udaletxeko iragarki-taulan eskuragarri daude.

2019ko dirulaguntzak Gabonetan iragarri ziren

Gabonetan iragarri zituen Udalak gazteei zuzendutako alokairu-etxebizitzen laguntza hauek. Zehazki, abenduaren 23an, astelehenean. Eskaerak aurkezteko epea hilaren 31n bukatu zen. Hots, 5 lan-egun eskas eskaini zituen herriko gazteek beren eskaerak aurkezteko, tartean Gabonetako jaiegunak izanik.

Iragarpena Udalaren Gobernu Irekiaren izeneko webgunean eskegi zen, baina ez prentsan ezta Udalaren webgunearen atari nagusian. Emaitza espero izatekoa zena: ez zen jaso inolako eskaerarik.

Bitxia da kontua, ezen, leihoa.infok egiaztatu ahal izan duenez, Arkitektoaren proposamena eta Udalaren Idazkari Orokorraren eta Alkatearen beraren Dekretoa (3884/2019ko zenbakia duena) abenduaren 12 sinatuak izan baitziren, hots, 11 egun lehenago.

Hori dela eta, EH Bilduk eskatu zuen 2019ko deialdi hori luzatzea. Horixe da oraintsu egin dena. 50.000 euro ditu Udalak herriko gazteen artean alokairurako dirulaguntza gisa banatzeko.

2018koak esleitzeke oraindik

Are larriagoa da 2018ko dirulaguntzekin gertatutakoa: 2019ko Aurrekontuetan 50.000 euro ere aurreikusita zituen Udalak gazteen alokairu-etxebizitzen laguntzetan gastatzeko. Deialdia publikatu egin zen ere. Baita eskaerak jaso ere. Baina hor bukatu omen da dena: Udalak ez ditu tramitatu eta ebatsi dirulaguntza horiek.

Eta eskaerak aurkeztu zituzten gazteei ez zaie horren inguruko informaziorik eman, ez telefonoz deitu dutenean Udaletxera horretaz galdezka, ez idatziz. Gaia, abenduan izandako Udalaren Osoko Bilkuran jorratu zen. María José Peleteiro, EH Bildu taldearen zinegotziak, hilaren 19an izandako bilkuran, herriko gazte batek bidalitako mezua irakurri zuen: “Laguntza ateratzen dutenek -Udalari erreferentzia eginez- ba ote dute eperik errespetatzeko? Laguntza hau 2018ko abenduan iragarri zen eta, egun, ez dira esleitu”, hots, “herritarrak ez daki oraindik jasoko ote duen horretarako diru-laguntzarik ala ez” adierazi zuen EH Bilduren zinegotziak. Eta jarraitu zuen: “Jarri nuen kexa bat udalean eta ez dut jaso erantzunik. Normala ote da nire kasuaz galdetzeko deitzen dudanean inork ez jakitea zer esan, dena berdin dagoela eta arduraduna beti dagoela bilduta edo oporretan?”

Iban Rodríguez alkateak honakoa erantzun zuen: “pertsonal falta dugu; eta egia da ere eskaera guzti horietako asko forma-akatsekin zetozela; eskatu zitzaien faltan zegoen dokumentazioa, uste dut aztertuta daudela honez gero, esleitzeko prest, baina galdetuko dut eta telefonoz edo erantzungo dizuet”.

Informazio hori, baina, ez omen da bildu edo, galdera egin zutenei ez dirudi erantzun zaienik. Eta are larriagoa dena, ez zaie ezer jakinarazi eskaera aurkeztu zuten gazte guztiei. Beraz, zer gertatu da iragarri, eskaerak jaso eta aztertu omen ziren diru-laguntza horiekin? Zergatik ez dira esleitu 2018ko gazteen etxebizitza-alokairurako diru-laguntzak?

lnfo +

http://leioazabalik.leioa.net/eu/ayudas-y-subvenciones

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude