SD Leioak CD Izarraren kontra jokatuko du gaur Sarrienan

SD Leioak CD Izarra taldea hartuko du gaur larunbatez Sarrienan arratsaldeko 18:00etan, 2.B mailako II. taldeari dagokion 9. jardunaldian. Epailea Antonio Monter Solans aragoiarra izango da.

Talde nafarra 19. postuan dator Leioara bi berdinketa eta garaipen bakar batekin jokatutako 8 partiduetan. Lortutako garaipen bakarra 0-1 lortu zuten aurreko asteburuan Tafallan jokatutako derbian, Arnau Tobella atzelari katalanaren gol bati esker. Bi berdinketak Arenas Club eta Real Racing Club-en aurka lortu zituzten Lizarran. CD Izarra (19.) eta Peña Sport (20.) dira etxean oraindik garaipenik lortu ez duten mailako talde bakarrak.

Tobellaz gain beste hiru jokalarik lortu dute gola egitea denboraldi honetan: Gorka Laborda, Yoel Sola eta Aritz Eguaras. Guztira, 4 gol egin eta 12 pairatu ditu CD Izarrak, beraz, gol gehien sartu dioten eta gol gutxien sartu dituen hirugarren taldea da.

Lortutako emaitza txarrak zirela medio, aurreko astean Diego Prendes entrenatzaile asturiarra kaleratu zuen clubak eta etxeko entrenatzailea Sergio Galánek hartu zuen taldea Peña Sport-en kontrako derbian, baina aste honetan Nacho Martín errioxarra fitxatu dute denboraldi bukaerara arte.

SD Leioak 8 puntu ditu eta 13. postuan dago sailkapenean Arenas Club eta C.D. Lealtad de Villaviciosa taldeekin berdinduta, baina hauek goal average txarragoa daukate. Play out eta beherapen postu zuzenak puntu bakar eta 2 puntura daude, hurrenez-hurren, beraz, garaipena oso garrantzitsua da sailkapeneko beheko postuetatik alde egiteko.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude