Euskal Selekzioa FIFAko eta UEFAko kide izateko eskaria erregistratu du Euskadiko Futbol Federazioak

Euskadiko Futbol Federakundeak (EFF-FVF) eskubide osoko kide izateko eskaera formala aurkeztu du FIFAren eta UEFAren aurrean I Pauso hau emanda, EFFk bere Biltzar Nagusiak hartutako erabakia betetzen du eta, era berean, jakinarazi du “akordio bat lortzeko negoziazio-epe bat irekitzeko” asmoa duela Espainiako Federazioarekin I EFFko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek FIFAren (Zurich) eta UEFAren (Nyon) egoitzetan erregistratu dute eskaera I Eskaera formalak eskakizun horren “bideragarritasun legala eta benetako aukera” azpimarratu du, baita alde guztiekin adostutako integrazioa gauzatzeko borondatea ere.

Euskadiko Futbol Federakundeak (EFF) eskubide osoko kide izateko eskaera formala aurkeztu du gaur FIFAren eta UEFAren aurrean. EFFko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera, FIFAren (Zurich) eta UEFAren egoitzetara (Nyon) joan dira, eta bertan aipatutako eskaera erregistratu dute, eskaerari oinarri ematen dion dokumentazio juridiko eta administratiboarekin batera. Era horretan, EFFk bete egiten du bere Biltzar Nagusiak 2018ko abenduaren 12an Durangon ia aho batez onartutako agindua.

EFFren aldetik, FIFAren eta UEFAren egoitzetan izan dira Juan Mari Elustondo presidentea eta Nerea Zalabarria presidenteordea, eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta David Salinas-Armendariz abokatua bertaratu dira. Integrazio eskaeraren erregistro formala egin ostean, Euskadiko Futbol Federazioak nazioarteko ordezkaritza izateko “bideragarritasun legala” aldarrikatu dute eta “aukera egingarria” dela azaldu dute.

“Integratzeko eskaera formal honen bidez, EFFren Biltzar Nagusiak eskatutakoa ez ezik, euskal gizartearen gehiengoaren nahia ere betetzen dugu. Zilegizko helburua da eta erabat bideragarria da legearen ikuspegitik, estatu independenteak ez diren Europako beste lurralde batzuen integrazioak eta selekzioen ibilbide historikoek (liga propioa dutenak edo ez dutenak) erakusten duten bezala. Era berean, Federazioak adierazi du alde guztien artean adostutako integrazioari ekiteko asmoa, eta Espainiako Futbol Federakundeari (RFEF) horren baldintzak adosteko negoziazio-aldi bat ireki nahi duela jakinarazi dio”, aipatu du abokatuak.

Eskaera formala

Euskadiko Futbol Federakundeak emandako dokumentazioaren artean, honako dokumentu hauek daude: Federakundearen estatutuen kopia bat; EFFk eta Euskal Selekzioak 1915etik egin duten ibilbide historikoa jasotzen duen dibulgazio-txosten bat; Eusko Jaurlaritzak emandako lege-txosten bat, EFFren ordezkaritza-gaitasuna arrazoituz; Durangoko Biltzar Nagusiak onartutako eskaeraren kopia bat; edota Espainiako Federazioari (RFEF) bidalitako jakinarazpen ofiziala, gai horren inguruan akordio batera iristeko negoziazio-aldi bat irekitzeko.

Dokumentazio horretan guztian, Euskadiko Futbol Federakundeak argudiatzen du nazioarteko ordezkaritza gauzatzeko “bideragarritasun legala eta aukera egingarria” duela, “bai banakako kirolarien kasuan, bai Euskal Selekzioarenean”. Era berean, azpimarratzen du euskal futbolaren nahi historiko hori betetzeko “une honetan gauzatu behar dela EFFren integrazioa dagokien nazioarteko elkarteetan, batez ere FIFAren kasuan”.

Halaber, FIFAren Estatutuen 11. artikulua kontuan hartuta, Euskadiko Futbol Federakundeak nazioartean futbola arautzen duen FIFA erakundeari jakinarazi dio, UEFAn sartzeko eskaera egiteaz gain, Espainiako Futbol Federazioari jakinarazi diola “negoziazio-aldi bat ireki” nahi duela, “Espainiako Futbol Federazioaren baimen formala barne hartzen duen akordio bat lortzeko”. Izan ere, FIFAren estatutuok jasotzen dute federazio eskatzaileak behar duela kide den Estatuko (kasu honetan, Espainia) federazioaren baimena (artikulu horretako 6. atala).

Horiek horrela, Euskadiko Futbol Federakundearen eskaera hiru puntutan oinarritzen da:

1. Euskadiko Futbol Federakundeak eskubide osoko kide izateko eskaera formal eta zuzena egitea. Horretarako, Euskadiko Futbol Federazioak eskatu du FIFAren eta UEFAren artean espediente komun eta bateratu bat instruitzea, EFFk bi erakundeetan benetan integratzeko bete behar dituen estatutu-eskakizun formal guztiak betetzeko eta, era berean, alde guztien arteko akordio bat gauzatzeko. Akordio horretan, EFF kide bilakatzeko sarrera-baldintzak zehaztuko lirateke, Espainiako Federazioaren onespenarekin. Urtebeteko epea emango litzateke akordio hori ixteko, eta Espainiako Futbol Federazioarekiko akordioak integraziorako hitzartutako baldintzak jasoko lituzke.

2. Puntu horri dagokionez, EFFk txosten arrazoitu bat emateko eskatu die FIFA zein UEFAri. Dokumentu horretan FIFAk eta UEFAk EFFren kasuan bi organismoetan kide bezala onartzeko bete behar diren baldintzak eta betekizunak zehaztuko dira (gaur egun baldintza horietako bat betetzen ez bada).

3. EFFk bere konpromiso irmoa, erabateko prestasuna eta fede ona adierazi du “dauden oztopoak gainditzeko eta alde guztien artean adostutako integraziorako aurkezten diren eskakizun guztiak betetzeko”. EFFtik azpimarratu dutenez, helburua da euskal futbolaren nahi historikoa gauzatzea, Durangon egindako Biltzar Nagusian hartutako akordioan argi adierazi zen bezala.

Dinamika berria

FIFAren eta UEFAren aitorpen ofiziala eskatzeak EFFren Biltzar Nagusiaren eskaria asetzen du, eta bat dator Euskadiko Futbol Federazioa eta Eusko Jaurlaritza urte hasieratik sustatzen ari diren dinamika berriarekin. Izan ere, urte hasieratik bi erakunde horiek lan-mahai bat eratu eta dinamizatzen ari dira, Euskal Selekzioaren gainean testuinguru berri bat sortzeko eta proiektua berrindartzeko. Lantalde horretan, bi erakundeez gain, klubak, jokalariak eta euskal selekzioen aldeko eragileak ari dira lanean.

Hala, helburua da epe laburrera Euskal Selekzioaren proiektua berrindartzea, eta, osasun egoerak aukera ematen duenean, euskal zaleekin bat egitea berriro ere, bere historia luzean egin izan duen bezala.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude