Leioak ‘Tour Eguna’ hartuko du azaroko lehen igandean

Bizkaiko Foru Aldundiak, Frantziako Tourraren eskutik, 18 Tour Egun ospatuko ditu Bizkaiko beste hainbeste udalerritan, “bizikletaren erabilera sustatzeko eta Bizkaian zehar igaroko diren lasterketaren bi etapen emozioa aurreratzeko. Besteak beste, ekimenak tailer didaktikoak, praktika-pistak eta Tourraren museo bat izango ditu, eta tokian tokiko txirrindulariak eta klubak omenduko ditu”, adierazi du Aldundiak.

2023ko uztailaren 1ean eta 3an, Gran Départ Pays Basque Tourreko bi etapa izango dira Bizkaian, eta Unai Rementeria ahaldun nagusiak “Bizkaia mundura konektatzeko, zer garen irakasteko, gure historia kontatzeko eta gure balioak kutsatzeko aukera ikaragarria” dela esan du honen aurkezpenean. “Txirrindularitzaz gozatzeko aukera paregabea ere bada”, hurrengo hilabeteetan Aldundiak eta Tourrak lasterketa honen emozioa eta bizikletarekiko grina lurraldeko eskualde guztietara eramango dutela aurreratuz, 18 Tour Egunen ospakizunari esker.

Azaldu duenez, Tour Eguna Tourraren etorrera ospatzeko jaia izango da, eta abuztuaren 7an abiatuko da Lekeition. 2023ko ekainera arte hainbat asteburutan ospatuko da. Leioan, esaterako, aurtengo azaroko lehen igandean., hilak 6.

Ekimen honen aurkezpenean, Rementeriak Christian Prudhomme Tourreko zuzendariaren laguntza eskertu du, ekimen hau ahalbidetzeagatik; halaber, zehaztu nahi izan du udalerri bakoitzean jardueraz beteriko esparru erraldoi bat sortzeko material esklusiboa zabalduko dela. Bizkaiko Tourraren ibilbidea eta lasterketaren historia ezagutzera emateaz gain, “Tour Egunaren helburu nagusia txirrindularitza sustatzea da, bai kirol arloan, bai mugikortasun arloan; hala, bizikleta eguneroko joan-etorrietarako garraiobide gisa erabiltzea bultzatuko da”, Ahaldun nagusiaren hitzetan. Horretarako, Tour Egunetako espazioan familientzako jarduerak eta tailerrak antolatuko dira. Era berean, kirol hau sustatzen duten txirrindulari klubei eta euren ibilbide profesionalean nabarmendu diren bertako txirrindulariei omenaldia egiteko gunea izan nahi du.

Tour Eguneko espazioei buruz

Udalerri bakoitzean, Tour Eguna hainbat arlotako espazio mugatu batean ospatuko da, non hainbat jarduera egingo diren.

Tourreko tailerren gunean honako gune hauek egongo dira: Hezkuntza-ikasgela bat, non, jolasaren bidez eta Maxoo Tourreko maskota ofizialaren eskutik, txirrindularitzan, bizikletaren ezagutzan eta 14 urtera arteko neska-mutilen oinarrizko arauen ezagutzan sakontzen den. Bestalde, Bide-segurtasuneko gela bat, non modu seguruan bizikletan ibiltzen ikasteko, arauak jokoen bidez ezagutzeko, ekipamendu egokia erabiltzeko eta bizikletaz ibiltzean behar bezala jokatzeko jardungo den. Horrezaz gainera, lantegi-gune bat ere egongo da, bizikleta mantentzeari eta konpontzeari buruzko oinarrizko nozioak ikasteko, bai eta lapurretak saihesteko babesari buruzkoak ere. Bizikletak aukeratzeko eta probatzeko gune bat ere egongo da, non pertsona espezializatu batek erabiltzaile bakoitzarentzat egokiena den bizikleta motari eta tailari buruzko aholkuak emango dituen, dauden moten arteko zalantzak argituz: hiriko bizikletak, errepidekoak, mendikoak, tolesgarriak, elektrikoak. Azkenik, txiirrindularitza eta mugikortasun jasangarria sustatzen duten tokiko klub eta txirrindularientzat gordetako gunea ere egongo da.

Bestalde, gune horiekin batera, praktiketarako eremu bat prestatuko da, bi pista edukiko dituena: hastapenetarako pista bat, espezialistek gainbegiratua, 2 eta 10 urte bitarteko haurrak bizikletaren erabileran ohitu daitezen, eta txirrindularitzan hasita dauden 6-14 urteko haurrentzat egokitutako pump track pista.

Era berean, Frantziako Tourraren historiari eta Bizkaiko Tourraren historiari buruzko erakusketak izango dira ikusgai, Vicente Blancok 1910eko edizioan parte hartu zueneko garaira itzuliz.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.