UEFAk ez du Euskadiko Federazioa kide gisa onartu

Uztailaren 11n Europako finalaren atarian Londresen bildu da UEFAren batzorde exekutiboa eta abenduan Euskadiko Federazioak Europa mailako futlbok erakunde horretako kide izateko egin zuen eskaera errefusatu du aho batez

Euskadiko Federazioak joan den abenduan eskatu zuen UEFAko kide izatea, gisa horretan nazioarteko erakundeetan ofizialki aitortua izateko. Aldiz, uztailaren 11n Londresen bildu den batzorde exekutiboak «aho batez» errefusatu du eskaria.

Iusport web atariak aurreratu duenez, erabaki hori justifikatzeko batzordeko kideek erabili duten argudioa da Euskadiko Federazioak ez dituela beharrezko diren baldintzak betetzen, Euskal Herria ez baita nazioarteko komunitatearen gehiengoak aitortutako estatu bat. Modu berean, Euskadiko Federazioa Espainiako Federazioko kide dela ere azpimarratu dute. Erabakia bertan behera uzteko, euskal futbolaren erakundeak helegite bat aurkeztu dezake kirol auzitegia den TASen aurrean.

Abenduan UEFAn (Nyon) eta FIFAn (Zurich) sartzeko egin eskaeran hainbat dokumentu aurkeztu zituen Euskadiko Federazioak: bere estatutuen kopia bat, 1915etik aitzinako selekzioaren historiari buruzko txosten bat, Eusko Jaurlaritzak egineko dosier juridikoa, Durangoko biltzar nagusian eskaera egiteko harturiko erabakia eta Espainiako Futbol Federazioari negoziazio bat abiatzeko igorri jakinarazpen ofiziala.

Joan den martxoan Javier Landetak hartu zuen Euskadiko Federazioaren presidentetza eta zuzendaritza berriak nazioarteko aitortzaren bidea jorratzen segitzeko asmoa azaldu zuen. Aurreko presidentea zen Luis Mari Elustondok gogora ekarri zuen Espainiako Federazioarekin negoziaketa ireki beharko litzatekeela, Eskozia, Gales, Feroe Uharteak, Gibraltar edota Kosovoren ereduak segitzeko. Izan ere, UEFAri egindako eskaeran urte eta erdiko epe bat proposatzen zen, gogora ekarriz ez dela estatu independente izan behar europar futbolaren erakundeko kide izateko.

Edozein modutara, Madrilen ez daude prest negoziaketa bati ekiteko, «egingarria» ez dela argudiaturik. Azken inkestek argiki erakutsi dute euskal gizartearen gehiengoa euskal selekzioak nazioartean ofizialki lehiatzearen alde dagoela. Horrela agertzen zuen ere Naziometroak ekainean publiko egindako gizarte-azterketa. Euskadiko Federazioaren eskaerak, justuki, «euskal gizartearen gehiengoaren nahia» aipatzen zuen «erabat egingarri» jotzen duena arrazoitzeko.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude