Virginia Cobos kapitainak txanoa zintzilikatu du Leioa WLBren lehen taldean 12 denboraldi eman ostean

Santutxuarrak 2009an Lehen Mailan jokatu zuen aurreneko talde horren azken jokalariak, waterpoloa utziko duela iragarri du 12 denboraldiz Leioako lehen taldean lehiatu ondoren

Virginia Cobosek lehen mailako txapelketari agur esango dio Leioa Waterpolon 12 urte eman ostean, bertan Lehen Mailan lehiatu zen lehen talde leioaztarraren parte izan zelarik, 2009-2010 denboraldian. Lehen sasoi horren ostean, 11 urte geroago, Sakonetako taldearen bilakaeraren protagonista nagusietako bat izan da kapitaina.

Izan ere, 12 denboraldiko ibilbide horretan, Leioak hamaika mugarri bizi izan ditu: Euskal Herria Ligara jaitsi du, Lehen Mailara itzuli da, eta azken bi denboraldietan Ohorezko Mailara igo da eta ondoren Lehen Mailara jaitsi da.Virginia Cobosen kirol ibilbidearen amaiera denboraldi zail baten ondoren iritsi da. Denboraldi horretan, goi-mailako kirol jarduera eta bere lana uztartu behar izan ditu, eta, gainera, dike lehorrean egon zen ia bi hilabetez, lagunarteko partida batean eskuko hatz bat hautsi ondoren.

Virginia Cobos en un partido disputado I Foto: Leioa WLB

“Argi daukat Leioa Waterpolo taldea ohorezko mailara bueltatuko dela”

Zergatik erabaki duzu zure ibilbideari amaiera ematea? Momentua heldu dela sentitzen dut. Kirolari eta taldeari eman ahal nion guztia eman diodala uste dut, eta era berean, kirolak ere eman ahal zidan guztia eman didala. Gainera momentu ona eta polita dela pensatzen dut, ziklo aldaketa bat da. Nire azken denboraldian Ohorezko Maila bizitzeko aukera eduki izana itzela izan da, berezia benetan.

Zer nabarmenduko zenuke Leioan eman dituzun 12 urte hauetatik? 12 urte talde berean jokatu izana berez nahiko adierazgarria dela uste dut. Taldean eta proiektuan benetan sinestu dudala eta sinesten jarraitzen dudalako emaitza da, identifikatzen naizelako seinale. Familia honen parte izatea benetan zoriontsu egin nau eta egingo nau, beste modu baten baina taldearen parte izaten jarraitu nahi dudalako. Harmailetatik bada ere, taldearekin jarraituko dut.

Zelan ikusten duzu taldea etorkizunean? Ez dakit datorren denboraldian izango den, baina argi daukat ohorezko mailara bueltatuko garela. Taldea nahiko gaztea da eta oraindik hobetzeko tarte handia dago. Harrobiko taldea gara eta aurten esaterako, hiru jokalari Euskal Herriko ligatik ohorezko mailara jokatzera pasa dira zuzenean, lehen mailatik pasa gabe, hori itzela da. Konfiantza handia daukat eurengan, talde gaztea da eta oraindik sorpresa asko ditu emateke! Bueltatuko garelaren dudarik ez daukat, indartsuago eta konfiantza handiagoarekin egingo dugu, ziur nago.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude