«Adineko pertsonen eskubideak ez dira adinarekin iraungitzen» aldarrikatuko da hilaren 31n Bilbon

Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen elkarteek (Bizkaiko Babestuk, Gipuzkoako Senideek, Irauli Zaintzak eta Arabako Egoitza eta Eguneko Zentroetako Erabiltzaileen Senideek), Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera, larrialdiko deia egin diete gaur gizarte-erakunde eta sindikatuei, urriaren 31n Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean antolatu dituzten manifestazioekin bat egiteko.

Mobilizazioaren deitzaileak «erabat kezkaturik» azaldu dira, adineko pertsonarik ahulenek, bereziki egoitzetako, eguneko zentroetako edo etxez etxeko laguntza-zerbitzuetako erabiltzaileek eta haien senitartekoek egun bizi duten egoeragatik.

Elkarte horien arabera, zerbitzuen kalitatea gero eta eskasagoa da, «aurrekontuen murrizketek, zerbitzuen pribatizazioak, langile-faltak, lan-baldintzen prekarietateak eta adiministrazio eskudunek ikuskaritza-lanei muzin egiteak hondatu egin dute» eta. Diotenez, Covid 19aren osasun-krisiak agerian utzi ditu gabezia horiek. «Horren ondorioz, egoitzak isolamendu-zentro bilakatu dira, non erabiltzaileen eta langileen eskubideak urratu egiten diren. Egoitzak ixteak benetako tratu txar instituzionala ekarri die gure adinekoei».

Pentsionisten eta egotzetako erabiltzaileen elkarteok adierazi dutenez, «onartezina da pandemiaren bigarren fasean hainbeste kutsatze eta heriotza gertatzea. Protokoloak ez dira betetzen edo ez dira nahikoak. Langileentzat eta erabiltzaileentzat ez dira behar beste prebentzio-nerri aplikatzen. Ez dago espazioen kudeaketa egokirik, pertsonen osasuna babesten duenik, eta ez da kalitatezko arreta pertsonal eta kolektiboa bermatzen».

Urriaren 31ko manifestazioa iragartzeko agerraldia I Irudia: Ecuador etxea

Administrazioek «negozio eta mozkinen eredua ezarri dute»

Mobilizazio-deitzaileek uste dute administrazioen pribatizazio- eta irabazi-asmoek «negozio eta mozkinen eredua ezarri dutela, errentagarritasun ekonomikoa besterik bilatzen ez duen merkataritza-irizpideetan oinarritua».

Osakidetzak, bestalde, bere betebeharrak «alde batera utzita, ez du osasun-kontrolik egiten bere osasun-zentroen eremuko egoitza pribatu eta itunduetan, eta horrek ahalbidetzen du egoitzetan osasun-laguntza pribatua eta kasu gehienetan prekarioa ematea». Horren ondorioz, «egoiliarren osasuna hondatzen doa larriki».

Gainera, indarrean dagoen legeria ez dela betetzen uste dute, ezta Eusko Jaurlaritzak hiru adlundiekin eta EUDELekin onartutako 2017-2020 Plan Estrategikoak ere. «Zenbait kargu izendatzera mugatu dira, zuzeneko arretarako baliabide ekonomikorik eta giza baliabide gehiagorik jarri gabe».

Urriaren 31ko mobilizazioan unitate sozio-geriatrikoak eta sozio-sanitarioak izatea ere eskatuko dituzte. «Kalitatezko eredua nahi dugu, baita banakako arreta-planak ere, nahitaez bete beharrekoak, ez gomendioak». Horrekin batera, etxeko zaintza-lanen aitortza ere aldarrikatuko dute, «emakumeek (etorkinek batik bat) egiten duten lan hori onartu ezinezko baldintzetan egiten delako», azaldu dute.

Hori guztia hainbat mobilizaziotan eskatu dutela diote, baina oraindik ez dutela foru aldundien eta EAEko Jaurlaritzaren erantzunik jaso esan dute. «Azalpen bat ere ez digute eman zahar-egoitzetan gertatzen denaz, adinekoek eta haien zaintzaileek zergatik jasan behar dituzten arduradun publikoen aurreikuspenik ezaren eta kudeaketa txarraren ondorioak». Eta ez dute ulertzen «700 nagusi hil ondoren, erakunde bakar batek ere hausnarketa autokritikorik ez egitea; aitzitik, pozik ei daude, gauzak ondo egin dituztelako».

Elkarte deitzaileek parte hartu nahi dute ere pandemiari aurre egiteko abiatu diren neurri eta protokoloen ebaluazioan, baita bisiten eta irteeren kudeaketan ere. Administrazioei exijitzen diete gizarte-eragileen esku-hartzea onartzeko eta, elkarrizketaren bidez, mendekotasunaren inguruko arreta-eredua aldatzeko, izaera unibertsal eta hurbila duen eta arreta duina eta kalitatezkoa bermatzen duen zerbitzu sozio-sanitarioen sare publikoa bultzatuz eta sistemaren kontrol zorrotza eginez».

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *