Azaroaren 7an herri guztietan mobilizatzera dei egin du Gernika-Palestina deialdi herritarrak

Palestinako egoera gero eta larriagoa izanik Gernika-Palestinak mobilizazioei eutsi behar zaiela defendatu du, datorren asteartean berriro kalera ateratzera animatuz I Bestalde, Baionan, larunbatean mobilizatzeko deia zabaldu du herritarren talde batek

8.000 palestinar baino gehiago hil ditu dagoeneko Israelek Gazan. Eta epe laburrera behintzat ez da bortizkeria apaltzerik aurreikusten. Aitzitik, Gobernu israeldarrak Gazan lurreko okupazioa hasteko hartu duen erabakiak itzulera zaileko amildegi baten ertzean jarriko du gatazka, Gernika-Palestina deialdi herritarrak ohartarazi duenez.

Testuinguru dramatiko horretan, Gernika-Palestina manifestua sinatu zuten 155 pertsonen artean eta urriaren 21ean Donostian 30.000 lagun bildu zituen mobilizazioa babestu zuten sindikatu eta erakunde sozialen artean egin duten urgentziazko kontsultaren ondorioak plazaratu dituzte.

Guzti-guztiek urriaren 21eko manifestazioaren balorazio positiboa egin dute. Denek ikusten dute egoera oso larria dela eta, beraz, «Gernika-Palestina deialdi herritarrari eutsi behar zaiola proposatutako parametroetan: su-etena, korridore humanitario seguruak eta irtenbide negoziatua, Palestinaren autodeterminazio eskubidea errespetatuz».

Planteatzen diren ekimenak lehendik abian diren beste ekintza batzuk osatzera datozela azaldu dute. «Ekimen hau guztiona da, eta ez da inorena. Horregatik, mobilizazioak, mota guztietakoak (tokian tokikoak, sindikalak, ikastetxeetakoak…) antolatu nahi dituzten eragile guztiak horretara animatzen ditugu, betiere aurreko hiru puntuak errespetatzen badira», esplikatu dute.

Eguerdian, ikastetxeetan; arratsaldean, udaletxeetan

Erantzun duten sindikatuek adierazi dute prest daudela proposatzen diren mobilizazio dinamikak babesten jarraitzeko. «Akordio transbertsal hori oinarritzat hartuz, Gernika-Palestina deialdi herritarrak erabaki du azaroaren 7an, asteartearekin, eguerdian hezkuntza zentroetan eta lantegietan eta 19:00etan Euskal Herriko udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egitea, egun horretan hilabete bat beteko baita gerra hasi zenetik».

Kontzentrazio horiek guztiak honako lelo hauekin egingo dira: ‘Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna!’.

Mobilizazioetan honako aldarrikapen hauek egingo dituzte: berehalako su-etena eskatuko dute, eraso guztien amaiera eta zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea. Halaber, Gazako zerrendaren setioarekin eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin bukatzea exijituko dute, baita laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea ere.

«Herritar palestinar eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela» aldarrikatuko dute. «Konponbide baketsu eta negoziatua bilatzeko deia» luzatuko diete alde guztiei eta nazioarteko komunitateari; nazioarteko zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritzen den konponbidea, alegia.

Horretarako elkarrizketa prozesu bat abiatzea premiazkoa dela uste dute. «Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, nahitaezkoa da okupazioari amaiera ematea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea».

Dagoeneko plataformak dituzten herri eta auzoetan ekimen hau beraiekin koordinatuko dute, mobilizazioa ahalik eta zabalena eta bateratuena izan dadin. Gernika-Palestina deialdi herritarra harremanetan jarriko da alderdi politiko, sindikatu eta mugimendu sozialekin, mobilizazio horrekin bat egin dezaten.

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *