Europako mugen militarizazioa eta portuen itxiera salatu ditu Mugak Zabalduz Karabanak

ilNoCC: hiruka.eus

Testua: Iker Rincón, Bideoa: Hodei Torres

Mediterraneo itsasoan hildako pertsona migratzaileak omendu zituen Mugak Zabalduz Karabanak eguenean, hilaren 19an. Horretarako, talde bitan banatu ziren ekintzaileak. Lehenengoak Cataniako portuan bertan ekintza berezi bat egin zuen; besteak, aldiz, Pozzaloko portuan dagoen barneratze zentroaren kanpoaldean. Ondoren, arrastian, Europako kanpo-mugak zelatatzen dituen Frontex agentziaren kontrako manifestazioa egin zuten Catanian, bertako hainbat eragilegaz batera.

Mugak Zabalduz Karabanako 300 gizon-emakumeak talde bitan banatu ziren eguen goizean Pozzalo eta Cataniako portuetara joateko. Lehenengoek Sizilia hegoaldean dagoen Pozzaloko portuko “hotspot”-era (puntu beroa, ingelesez) gerturatu ziren. Bertan, Italiara heldutako 231 migratzaile hartzeko edukiera duen barneratze-zentroa dago, baina une honetan 401 pertsona daude bertan, guztiz pilatuta. Horietatik denetatik, 101 MENAk dira (senideen babesik gabeko adin txikikoak, gaztelerazko sigletan).

Pozzaloko barneratze-zentro horretan 72 ordura arte egon daitezke atxikita Italiara heldutako pertsona migratzaileak. Denbora tarte horretan, modu librean mugi daitezke egunez, baina gauean euren geletara bueltatu behar dira. Nino Trillo Mugak Zabalduz Karabanako madrilgo kideak zentroko arduradunagaz berba egiteko aukera izan zuen, eta, azaldu duenez, bertan atxikita daudenak 130 pertsonako geletan pilatuta daude, nahastuta. Azpiegitura horrek 231 pertsona hartzeko gehienezko edukiera du, baina 401 pertsona daude orain bertan. Gainera, Trillok deitoratu duenez, 800 pertsona hartu dituzte inoiz bertan. Logelek ez dute komunik, eta horiek itxita daude gauez, familientzako geletan izan ezik. Era berean, bertan dagoen zerbitzu medikua nahikoa ez dela salatu du: mediku bakarra dago zentroan.

Bitartean, Catanian, bigarren taldeak portu irekien eta seguruen aldeko kanpaina internazionala aurkeztu zuen prentsaurreko batean. Mineoko CARA atxikitze-zentroko 50 gizon-emakume hurbildu ziren aurkezpenera, gehien-gehienak gizonezkoak.

 

Portu batean zein bestean, Mediterraneo itsasoan hildako pertsona migratzaileak omentzeko eta hilketa horiek salatzeko ekintza bana egin zituzten. Horretarako, Catanian gelditu zen taldea lurrera bota zen erdi biluzik, gorputzak pintura gorriz beteta. Pozzalokoak, aldiz, itsasoan murgildu ziren, gorputz bizigabeak ur gainean irudikatzeko, “ekintza horien bitartez, Europar Batasuneko gobernuen politika kriminalek pertsona migratzaileak hil egiten dituztela irudikatu gura izan dugu”, azaldu du ekintzaileetako batek.

Denera, 1.103 pertsona hil dira aurten Libia eta Italia arteko bidea gurutzatu nahian. Horren aurrean, Mugak Zabalduz Karabanak askotan eskatu die gobernuei Europara sartzeko bide legal eta seguruak martxan jartzea, heriotzak ekidin ahal izateko.

Arrastian, aldiz, Karabanako kideek militarizazioaren eta mugen itxieraren kontrako manifestazioan parte hartu zuten Catanian. Protestaldia Frontex Europako mugen kontrolerako agentziaren egoitzan amaitu zen. Bertan, pertsona migratzaileek Europara ailegatzeko pairatzen dituzten arazoak irudikatzeko antzerkia egin zuten, “No border, no Frontex” goiburuagaz.

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *