Ia 70.000 lagunek eman dute izena orain arte Euskaraldiaren parte hartzeko

Ia 70.000 lagunek eman dute izena orain arte azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko I Azaroaren 19ra arte dago epea ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta ariketa sozialean izena emateko I 46 entitate Leioako ariguneen zerrenda momentuz

Hiru aste barru abiatuko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta azaroaren 20tik abenduaren 3ra euskara «gehiago, gehiagorekin, gehiagotan» erabiltzeko deia egin dute beste behin ekimenaren antolatzaileek. «Herritarrek beraien hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egin eta ahobizi edo belarriprest rola hautatuta inertziak apurtu eta euskararen erabileran urratsak emateko gonbitea» egin dute.

Euskaraldia «testuinguru berezian» datorrela adierazi dute antolatzaileek, covid-19ak eragindako egoerak baldintzatuta. Hala ere, Euskaraldiaren helburua parte hartzaileen hizkuntza ohituretan eragitea eta bakoitzaren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea dela kontuan hartuta, antolatzaileek ariketan parte hartzera animatu nahi izan dituzte euskara ulertzeko eta euskaraz aritzeko gai diren herritarrak.

Horrela, bakoitzak bere inguruko harreman sareetan (etxean, lanean, komertziotan, lagunartean edo internet bidezko harremanetan), hizkuntza praktikak aztertu eta euskara gehiago erabiltzeko aukera baliatu eta ariketan parte hartzeko deia egin dute Euskaraldiaren sustatzaileek.

Dagoeneko Euskal Herriko lurralde guztietako ia 70.000 herritarrek eman dute izena. Izena eman dutenen artean %20ak lehen edizioan ez zuen parte hartu.

Izen ematea zabalik azaroaren 19ra arte

Izen-ematea azaroaren 19ra bitarte dago zabalik, eta hiru bide daude horretarako: www.euskaraldia.eus webgunearen bidez, herriz herri Euskaraldia batzordeak antolatzen ari diren informazio eta izen-emate guneetan, eta sakelako telefonoetarako sortu den aplikazioaren bidez (Android zein IOS sistemadun gailuetarako).

Izena-ematerakoan bi rol hauetako bat aukeratu ahal izango dute partaideek: Belarriprest, hots, beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean. Bestalde, Ahobizi rola aukeratu daiteke, hau da, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.

Herri gehiagotan, milaka arigune

Egoera erraza izan ez arren, herriz herri lanean ari den boluntario eta eragile sarea zabala da. Guztira 421 udalerritan ari dira herri batzordeak antolaketa lanetan, eta Euskaraldiaren sustatzaileek sare horretan parte hartzen ari diren milaka lagunen lana eskertu dute.

Era berean, 6.737 entitatetan sortu diren 25.000tik gora ariguneen ahalegina ere azpimarratu nahi izan dute Euskaraldiaren koordinazio mahaiko eragileek. Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten entitate hauek guztiek beraien barne zein kanpo funtzionamenduan euskaraz aritzeko sortu, identifikatu eta babesteko apustua egin dute, eta horrek oinarri garrantzitsua emango die azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldian parte hartuko duten milaka ahobizi eta belarriprestei.

Era guztietako enpresa, saltoki, erakunde eta elkarteak izan dira ariguneak sortu dituztenak. Saltoki eta zerbitzu emale txikiak, elkarteak, hezkuntza arloko eragileak, zerbitzu enpresak eta erakunde publikoak izan dira kopurutan aipagarrienak, baina horiekin batera egon dira enpresa txikiak, gizarte eragileak, sindikatuak eta bestelakoak).

Leioan, 46 arigune izena emanda momentuz

Gure herrian 46 dira momentuz sortu diren ariguneak. Mota guztietako enpresa, hezkuntza alorreko entitateak, banketxeak, dendak eta abar izan dira orain arte izena eman dutenak. Zerrenda osoa hemen sakatuta ikus daiteke.

Bestalde, Leioako Euskaraldiaren antolaketatik mota guztietako erakunde, elkarte eta entitateei izena emateko deia luzatu zaie. Eta, horrekin batera, izena eman dutenek bere Euskaraldiaren Ahobizi edo Belarriprest txapa Kultur Leioan jaso daitekeela ezagutzera eman da ere, azaroaren 2tik 18ra bitartean.  Goizez 9:00etatik 14:00etara (astelehen eta asteazkenetan) edo arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara (astearte, ostegun eta ostiraletan).


Info +

Euskaraldian izen-ematea   https://izenematea.euskaraldia.eus edota aplikazioaren bidez

Leioako ariguneen zerrenda  Leioako ariguneak

Leioako Euskaldia  euskaraldialeioan@gmail.com I Telefonoa  688 76 30 81

Euskaraldiaren inguruko bideoak

Bigarren Euskaraldiaren bidean

Euskaraldiaren kantaren bideoklipa  

Euskaraldia aurten taldean ere  

Euskaraldiaren azalpen-bideoa 

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *