Kontseiluak adierazi du ikus-entzunezkoetan euskararen erabilera bermatzeko kuotak ezarri behar direla

Iazko abenduan aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak Ikus-entzunezko Lege Orokorraren aurreproiektua. Orduan ekarpenak egiteko aukera baliatu ez arren, berriki Gobernuak dokumentu berri bat jarri du mahai gainean, eta gizarte eragileek dokumentuari ekarpenak egiteko aukera izan dute. «Gobernuak aukera izan du bigarren zirriborro horretan berezko hizkuntzen erabilera bermatzeko neurriak txertatzeko, baina halakorik ez du egin, eta beraz, berriz ere gurea bezalako hizkuntzei inolako tarterik ez esleitzeko aukera zabalik utzi du», azaldu du Paul Bilbaok, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Euskararen erabilera bermatzeko kuotak

Berezko hizkuntzei dagokienez, Espainiako Gobernuak lehen aurreproiektuko gabeziei aurre egiteko proposamenak izan bazituen ere, ez die horiei erreparatu eta, bigarren aurreproiektuan, berriz ere uzten du euskararen erabilera babesik gabe eta borondatearen baitan. «Hizkuntzen erabilerari lotzen zaionean gaztelania EDO gainerako hizkuntza ofizialean erabilera ezartzen du; hortaz, lasai aski gerta daiteke ikus-entzunezko guztiak gaztelaniaz egotea». Kontseiluko eledunaren arabera urrezko aukera litzateke legeak euskararen eta gainerako berezko hizkuntzen erabilera ezartzea: «Horrexegatik, hizkuntzen erabilerari buruzko artikulu guztietan EDO juntagailua ETA juntagailuarekin aldatzeko eskatzen dugu, bai eta kuota zehatz batzuk agintzeko ere. Horixe baita gurea bezalako hizkuntzen erabilera bermatzeko bide bakarra».

Hainbat artikulutan eskaera zehatz hori egiteaz gain, ekarpenetan jaso da Legeak Estatuko hizkuntza-aniztasuna propio sustatu behar duela, egoera gutxituan dauden berezko hizkuntzetan arreta berezitua jarriz. «Kontuan hartuta zein egoera bizi duten hizkuntza gutxituek ikus-entzunezkoen eremuan, beharrezkoa iruditu zaigu legearen printzipioetan berariaz jasotzea», azaldu du Bilbaok.

Gainera, eta printzipioei dagokienez, euskara (eta gainerako berezko hizkuntzak) audioan edo testu idatzian interes orokorreko edukitzat hartzeko eskatu du Kontseiluak, ekarpenetan proposatutako sustapen-neurriei eta betebeharrei ahalik eta babes handiena emateko. «Oso garrantzitsua da legeak betebeharrak modu esplizituan jasotzea euskara ez erabiltzeko zirrikituak balia ez ditzaten», adierazi du.

Elkarlanean prestatutako dokumentua

Abenduan aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren lehen zirriborroa eta orduan Kontseiluak ez zuen izan aukerarik ekarpenak egiteko: «Egia esan, ez genuen denbora nahikorik izan . Hala ere, oraingoan beste hainbat eragilerekin gure proposamena partekatu dugu, eta beraz, Kontseiluaren izenean joan arren, hainbat erakunderen ekarpenak eta sostengua ditu, besteak beste, Behategia, Hekimen, Tokikom, Euskaltzaleen Topagunea eta Pantailak Euskarazena».

Bilbaoren arabera, «azken boladan bolo-bolo dabil formatu desberdinetako ikus-entzunezkoak euskaraz egoteko aldarria, eta honen bidez dinamika horri ekarpena egin nahi izan diogu, nolabaiteko babes juridikoa lortzeko».

Udazkenean, alderdiekin bilera-erronda

Udazkenean du asmoa Espainiako Gobernuak legearen eztabaida Diputatuen Kongresura eramateko. Kontseiluko ordezkariaren arabera, orduan ikusiko da euskararen ikuspegitik egin zaizkion ekarpenak onartuko dituzten: «Dena den, aurreratu ahal dugu galizieraren eta katalanaren aldeko gizarte eragileek ere haien ekarpenak egingo dituztela, eta guk egindakoetatik hurbil daudela. Horrexegatik, asmoa dugu udazkenetik aurrera alderdi politikoekin bilera-erronda bateratua egiteko gure ekarpenak bere egin eta eztabaidan defenda ditzaten».

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *