Martxan dago Kalakalata!, 2021eko Ibilaldia

Leioako Betiko Ikastolak eta Sopelako Ander Deuna Ikastolak elkarrekin antolatuko duten Ibilaldia 2021 aurkeztu berri dute. Ospakizuna 2021eko maiatzaren 30ean egingo da Sopelan, baina 2020-2021 ikasturtean zehar  Uribe Kostan eta Leioan zenbait ekimen antolatuko dira ere.

1990ean Sopelan ospatu zen Ibilaldia. 1997an eta 2004an Leioan. Azken hau, oraingoan bezala, Sopelako Ander Deuna Ikastola eta Leioako Betiko Ikastolaren eskutik antolatu zen.

Datorren urteko Ibilaldiari lau helburu ezarri dizkiote antolatzaileek. Lehenik eta behin, ikastola eredua indartzea; bigarrenez, ikastolako komunitatearen eta herriko elkarte eta erakundeekiko harremanetan sakontzea; hirugarrenez, ikastola bietan dauzkaten eraikinen berritze eta egokitze lanekin jarraitzea eta, laugarrenez, jaiotze tasan ematen ari den beherakadari aurre egitea, proiektu pedagogikoa ezagutaraziz.

Lau helburu nagusiez gain, beste horrenbeste zehar lerro landu nahi dituzte Betiko eta Ander Deuna ikastolek Ibilaldian zehar: euskara eta euskal kultura bultzatzea egingo diren ekitaldi eta ekimen ezberdinetan; Ibilaldian zehar berdintasuna eta hezkidetzaren etengabeko lana egitea; jasangarritasuna etengabe presente egotea eta, azkenik, ikastoletako komunitate osoaren partaidetza bultzatzearekin batera nahi duten pertsona, elkarte, erakunde eta abarrei zabalik egotea Ibilaldia.

Leloa eta logoa sortzeko lana

2021eko Ibilaldiaren logoa I Irudia: Ibilaldia

Logoa eta leloa sortzeko bi lan saio egin zuten urte hasieran ikastola bietako partaideek. Horietan gurasoek, ikasleek eta langileek parte hartu zuten, proposamenak egiten eta ideiak partekatzen 100 bat lagun parte hartu zutelarik.

Horren emaitza Kalakalata! izan da aukeratutako leloa. «Hitz horrekin hezur mamiraino heltzen den bustitzea adierazten da, barru barruraino hartzen duena, batzutan deseroso ere sentiarazten gaituena, baina, halaber, konpromisoa adierazi gura da, konpromiso sakona, Euskal Herri osoa hartzen duen ikastolen proiektua aurrera ateratzeko, alkarregaz aritzeko helburu komunak lortu gurean, euskara eta euskal kulturaren transmisioan eta sorkuntzan, hezkuntzatik gure etorkizuna eraldatzeko», adierazi zuen aurkezpenean Ibilaldiaren 2021eko arduradun Josune Bañalesek.

Logoari dagokionez, «guztiz blai jauzi egiten dabilen giza irudi bat aukeratu da. Pozez jauzi egiten duena beharbada, ur sakonetan murgildu gura duena akaso, baina edozelan ere ekimena eta bizitasuna adierazi gura duen irudia, Ibilaldiaren antolatzaileen hitzetan.

Ibilaldia 2021en ardura duten ikastoletako ordezkariek adierazi dutenez, «orain, inoiz baino beharrezkoago dugu Ibilaldiak bere-bereak dituen balore horiek azalaraztea eta ekarpen berriak gizarteratzea. Berrogeitik gorako Ibilaldia antolatu ondoren ikastolen jaiak ez du gaurkotasunik galdu, oraingoz ere sortu zeneko arrazoiek bizirik dirautelako, hain zuzen ere».


Info +

Ibilaldia 2021en web orria  http://www.ibilaldia.eus

Ibilaldiaren denda  http://www.ibilaldia.eus/online-denda

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *