457 presori hirugarren gradua eman die Lakuak; 25 baino ez dira EPPK-koak

Lakuako Gobernuak astelehen honetan jakinarazi duenez, 457 presori eman die hirugarren gradua I Haietatik 25 EPPK-koak dira I Beatriz Artolazabalek nabarmendu duenez, «dagoeneko ez dute zentzurik salbuespenek, ezta tratamendu kolektiboek ere»

Azken hamabi hilabeteetan Gasteizko Gobernuak 457 presori eman die hirugarren gradua. Haietatik 25 preso politikoak dira. Hala adierazi du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Arabako Espetxeak ‘Euskadiko eredu penitentziarioa eraikiz’ izeneko jardunaldian parte hartu duenak.

Espetxe kudeaketaren lehen urtearen balantzea eta bateratze lana egitea da astelehen honetan egindako jardunaldia. Ildo horretatik jarraituz, sailburuak aitortu du «bide luzea eta zaila» izan dela, oztopo batzuekin, «espero ziren batzuk eta fikziozko eta interesatutako beste batzuk».

Adierazi duenez, «euskal eredua espetxe kudeaketaren eguneroko bizitzan finkatzea ez da urtebetean lortzen den helburua, ezta legegintzaldi batean ere; urte asko beharko dira lanean, praktikan eta pedagogian, helburua lortzeko. Eta horretan ari gara»

Jakinarazi duenez, orain arte 457 presori eman die Lakuak hirugarren gradua, eta horrek «oso hurbil jartzen gaitu helburu gisa proposatu genuen %40 horretatik». Balantzearen datuen arabera, aurrerapen horien %5 (25) motibazio politikoko presoei eman zaizkie.

Zentzu honetan, aurrerapen guztiak Tratamendu Batzordearen eta  teknikarien txostenetan oinarritzen direla azpimarratu du, «ETAkoak izan ala ez»: «Dagoeneko ez dute zentzurik salbuespenek, ezta tratamendu kolektiboek ere. Presoek ez dute inolako onura edo galerarik izango euskal espetxeetan, ETArenak izan ala ez».

Lekualdaketen kasuan, «ETAkoak izan ala ez», sustraitzea frogatzea beharrezkoa dela azpimarratu du. «Beraz, ez hotelik, ez resortik», azpimarratu du lekualdaketen ondorioz jasotako kritikei erantzunez.

Erdi-askatasuneko erregimena

Sailburuaren esanetan, ‘Euskal Espetxe Eredua’ erdi-askatasuneko erregimenen igoeran oinarritzen da, «Europako herrialdeen joerekin bat etorriz», izan ere hainbat azterketek frogatu dute «erregimen horiekin pertsonen birgizarteratzean arrakasta handiagoak lortzen direla».

Erdi-askatasuneko erregimeneko zigorrak betetzen laguntzeko, Artolazabalek azaldu du hamabi etxebizitza gaitu direla (sei Araban, hiru Bizkaian eta hiru Gipuzkoan) bizitzeko baliabiderik ez duten edo horiek eskuratu ezin dituzten pertsonentzat; etxebizitza horiek hirugarren sektoreko zazpi erakundek kudeatzen dituzte.

80 pertsonak erabili ahal izango dituzte etxebizitza horiek eta erdi-askatasuneko erregimen batera iritsi ahal izango dira. Eta, era berean, baimen edo eguneko zentroetarako; beraz, beste 20 pertsona ere izan daitezke erabiltzaile.

Aukerak Laneratzeko Euskal Elkartearen datuak eskaini ditu ere. «331 langile izan ditu (296 gizon eta 35 emakume), eta lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu kanpoko bederatzi enpresarekin, 150 langile dituztenak (139 gizon eta 11 emakume). Eta, gainera, langileen ordainsariak hobetu egin dira», esan du.

Hitzaldian, sailburuak hitz egin du ere Gipuzkoako Espetxean gaitutako Amen Unitateaz; Berriztu programaz, gurasoak kartzelan dituzten adingabeei laguntza sikologikoa emateko; Osasunarekiko errefortzuaz, osasun mentalaren arreta areagotzeko, eta hiru zentroetan suizidioak prebenitzeko ezartzen ari den protokoloaz, besteak beste.

Artolazabalek ere biktimei buruz hitz egin du, «gure ereduaren alderdi garrantzitsuenetako bat». Eta horregatik iragarri du Justizia Errestauratiboaren Estrategia martxan jarri dutela: «Biktimentzako eta biktimarioentzako errestauratibo-prozesuak abian jartzeko hasierako fasea hasi da, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuordetzekin koordinatuta, datozen hilabeteetan biktimekin eta biktimarioekin lantegiak hasi ahal izateko, betiere borondatezkotasunetik eta diskreziotik».

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *