Bihar, presoak kaleratzeko aldarria Bilboko Aste Nagusian

Kalera Kalera dinamikak manifestazioa deitu du Bilboko Aste Nagusian euskal presoak kaleratzeko bide orri baten alde. Bihar ostiralarekin, hilak 24, izango da martxa, eta 12.00etan abiatuko da plaza Eliptikotik ‘Bada garaia, presoak Kalera’ lelopean.

«EPPK-k partekatutako azken gogoetekin bat eginik, hitzetatik harago doan lan agenda aldarrikatuko dugu», azaldu zuten dinamikako bozeramaileek egindako agerraldian, «preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria erdietsiko duen bide orria zehaztu dezagun».

Euskal presoen aferan ematen ari diren mugimenduekin, «eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen urrats eskuzabalekin batera», beharrezkotzat jotzen du herri mobilizazioa Kalera Kalera dinamikak «herritarron aktibazioa eta konponbidearen exijentzia kalean mantentzea».

Dinamikako bozeramaileen hitzetan, argi dauka ezker abertzaleak kartzela politika iraultzeko «espazio zabalak» eta «exijentzia zehatzak» bultzatu behar direla: «Horregatik, gure oinarri sozialari dei egiten diogu ‘Orain Presoak’ lelopean garatuko diren ekimenetan parte hartze aktiboa eduki dezan».

«Eta lotsarik gabe, egungo legearen aplikaziorako baldintza eta posizionamendu politikoak eskatzen dituztenen aurrean tinko agertzeko dei ere egiten dugu», gaineratu zuten, uste baitute Euskal Herrian «merezi duen» preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko etorkizunak ezin duela «xantaiarik» onartu.

«Bide hau kalean dauden euskal herritarrekin ez ezik euskal preso, iheslari eta deportatuekin batera egin behar dugula konbentzituta gaude, beraien amets eta gogoetak gureak eginez, beraien alde baino beraiekin lanean», azpimarratu dute. «Kalera irten behar dugu beraiek kalera irten daitezen».

A las redes

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *