EH Bilduk galderak planteatu ditu Legebiltzarrean PNVk erabilitako UPVko kiroldegiaren bizikleten inguruan

Iragan asteazkenean, apirilaren 17an, EH Bilduren legebiltzarkide Mikel Oterok, Hezkuntza Sailburuari hainbat galdera egin dizkio, idatziz erantzutekoak, UPV/EHUren Leioako Campuseko kiroldegiko bizikleta estatikoen erabilerari buruz.

Oterok idatzian azaltzen duenez, “apirilaren 11n, hainbat langilek sei bizikleta estatiko eraman zituzten, goizez, UPV/EHUren Leioako Campuseko kiroldegitik. Egun berean, arratsaldez, marka eta modelo berdineko sei bizikleta estatiko erabili ziren Gasteizen, EAJk hauteskunde kanpaina hasteko egin zuen ekitaldian, hain zuzen ere”.

EH Bilduren parlamentariak  bere idatzian dioenez, “Leioako kiroldegiko bizikletak ongi ezagutzen dituzten hainbat pertosnak talde honengana jo dute, guztiz harrituta, Gasteizko ekitaldian erabilitako bizikleta berberak direla salatzeko. Gure lehen inpresioa hori ezinezkoa dela bada ere, beharrezkotzat jo dugu jaso dugun salaketari erantzun egoki bat ematea eta tartean egon daitekeen edozein zalantza argitzea”.

Horregatik, Otero parlamentariak, Hezkuntza Sailburu Cristina Uriarteri galdera sorta zuzendu dio. Lehenik eta behin, ea zenbat bizikleta estatiko hartu ziren Leioako Unibertsitate Kiroldegitik aipatu duen datan eta zein ordutan galdetzen dio. Bigarrenik, ea bizikleta horiek diren egun bereko arratsaldean Gasteizen erabili zirenak, EAJren ekitaldian eta, erantzuna baiezkoa izatekotan, nork agindu zuen hori, nork eman zuen horretarako baimena, nolako irizpideak eta zein araudi erabilita, noren eskariari jarraituta, ea ohikoa den UPV/EHUren materiala alderdi edota erakunde pribatu batek erabiltzea, ea ordainketaren bat egin duen EAJk (hala bada, fakturaren kopia eskatzen da) eta ea uste duen arrazoizkoa eta onargarria dela Gobernuan dagoen alderdi batek ondare publikoaren erabilera pribatua egitea.

Azkenik, eta bigarren galderari eman beharreko erantzuna ezezkoa bada, honako galdera hauek egiten dizkio Mikel Oterok Cristina Uriarte Sailburuari: Ea zertarako eraman zituzten bizikletak kiroldegitik, nora eraman zituzten, nork eman zuen agindua (horren kopia eskatzen duelarik), ea ba ote dagoen idatzizko dokumenturik bizikleta horiek kiroldegitik hartzeko agindua eta motibazioa egiaztatu dezeketenik(eta balego, kopia eskatzen du), ea ba ote dagoen dokumenturik, albarn edo bestelakorik, mantentze, konpontze edo bestelako lanak egiten dituen enpresak bizikletak jaso zituela egiaztatu dezaketenik (eta balego, kopia ere eskatzen du), eta azkenik, ea bizikletak itzuli diren kiroldegira eta noiz.

A las redes

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *