Ondizko Jaiak: Bakailao Txapelketan koadrilla gutxi aurten

Atzo, igandez, Ondizko Jaien Bizkaitar erara egindako Bakailao Txapelketaren 52. edizioa burutu zen.

Aurten, iaz nabaritu zen koadrilla kopuruaren parte hartze txikia areagotu da. Ez ziren 20ra heldu izena eman zutenak, eta horietaik 15 batek aurkeztu zituzten kazolak.

Hala ere, giro onean igaro zuten eguna bertaratutakoek. Goizean, txistularien kalejira egon zen koadrillak sukaldatzen aritu ziren bitartean. 13:30erako aurkeztu behar ziren kazolak, epaimahaiak dastatu eta bere ebazpena eman zezan.

Kazolak entregatu eta pixkanaka bertaratutako koadrillek bazkaltzeari ekin zioten. Bazkariaren ostean igela eta kuartan txapelketak jokatu ziren. Eta arratsaldeko 18:00etan Bakailao Txapelketaren sariak ezagutarazi ziren. Sari banaketan Estibaliz Bilbao Kultura zinegotzi aritu zen Udalaren ordezkari. Lehen saria txapelketan koadrilla beterano batentzat, Lamiakokoa bera, izan zen.

Bigarrena ‘Guk erabaki’ izena zeraman koadrillarentzat. Koadrillaren kide ia guztiek erabakitzeko eskubidearen aldeko kamiseta zeramaten jarrita.

Bi koadrilletan Lamiakoko jendea egonda, ezin elkarrekin argazkia atera gabe utzi. Honatx:

Hirugarren Saria ‘Txalaparta’ izena zeraman koadrillaren kazolak bereganatu zuen.

Ondoren, erromeria egon zen, Lorratz taldearekin. Eta horrekin agur esan zitzaien aurtengo Ondizko Jaiei.

Kezka parte hartze gutxi dela eta

Aurten iragan urtean ikusitako parte hartze txikia areagotu dela Bakailao Txapelketan eta jaietan, oro har, oso iritzi partekatua zen. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke: egitaraua ez oso erakargarria (aurrekontu txikiaren ondorioz?), jende gutxiko eremuan izatea, garestia ateratzea bakailao-txapelketan parte hartzea…

Sare sozialetan ere gaia zabaldu da. Deitze Altzagak, esaterako, komentatu du pena dela «urterik urte parte hartzea eta giroa txikigoa izatea eta hauek bezalako jaiak itzaltzen joan daitezen uztea». «Nahiz eta parte hartu ez, giroa ikustera joan daiteke, txoznan zerbait hartzera, puzgarrietara…». Bere iritziz «gure herriko (jaietan) parte hartzaileak izaten herri egiten dugu, ez soilik kritikak egiten».

Lucía Ortegak, aitzitik, «ez dakit non sartzen diren herritar guztiak» zioen. «Kafea hartzera joan naiz eta ez zegoen inor, eta zeudenek zioten denak bakailu txapelketan zeudela».  Beste herkide batek, Yoli Larrazabalek, bere aldetik, Udondoko paellak ekarri ditu gogora: «larunbatean Udondo paellak izan ziren eta giro itzela egon zen. Hizpide izan zen ere bakailuarena hurrengo egunean izatea ezen askok gauza bat egitea aukeratu baikenuen eta larunbatean izateak asko erakartzen du».  Gaineratzen zuenez, «hurrengo urtean gauza bakoitza aste ezberdinetan egitea eta bakailuarena larunbaera pasatzea» aukera moduan planteatu zitekeen.

Uste ezberdinak egongo dira, ziur aski, jaien gainbehera dela eta. San Juan jaien inguruan ere, halako iritzi eta antzeko iruzkinak entzun izan dira ere. Zerbaiten adierazle, dudarik ez. Gure herriko jaiak birpentsatzeko ordua ez ete da heldu? Hobe horri ekitea hiltzen uzten jarraitzea baino.

A las redes

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *