Martxoak 8, borroka eguna

Sutea I Leioako Gazte Talde Feminista

Gaur egungo sistema matxista bizigaitza da pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat. Horregatik, berarekin akabatzea dugu helburu, proiektu askatzaile baten aldeko apustua eginez eta bizitzak erdigunean jarriz.

Feminismoaren historian zehar ikusi dugun bezala, emakumeon borroka antolatuari esker, asko izan dira lortutako aurrerapausu eta garaipenak. Hortaz, haien bidea oinarritzat hartuta, gure botere propioa eraikitzen goaz, gizartean eragin eta aldaketa txiki zein handiak gauzatuz. Komunitate feminista konprometitua eraikiko dugu eta inork ez gaitu geldituko denak aske izan arte.

Sistema heteropatriarkal kapitalistak bere ekintzen bitartez, feminismoaren olatua bereganatu nahi du. Etxetik egiten den eta atomizatua dagoen feminismo bat nahi dute, borroka kolektiborik gabe, mugimendu sozialik gabe.

Guk, aitzitik, eraldaketan sinisten dugu, ez dugu berdintasun formalik nahi, ezta mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsona eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere. Ez dugu munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten errezeta neoliberalik nahi. Tokian toki jarduten dugu planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin. Hau da, eskubideen galera salatu eta borrokatuko duen feminismoa defendatzen dugu.

Leioan emakume langileon eguna ospatzen dugun honetan, herriko instituzioei ardurak eskatu nahi dizkiegu. Ahoa promesaz bete eta inolako erantzunik ematen ez digun udalari, esan nahi diogu nahiz eta trabak ipini, berdintasuna eta ahalduntzea ez direla posible herri mugimendurik gabe. Ez dugu onartuko euren buruak zuritzen jarraitzea. Ahalduntze eskolak eraiki eta mugimendu feministak bertan inongo tokirik ez izatea, herri mugimenduarekin hitza hartu eta inolako erantzunik ez ematea.

Hori dela eta, borroka ezberdinetan dihardugunon emakumeok egunez egunez egun egiten dugun lana azpimarratu eta txalotu nahi dugu, baita atzo, gaur eta biharko feministena. Oraindik ere mila direlako kaleak hartzeko arrazoiak, suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egiteko. Horren aurrean emakumeon saretze eta ahalduntzea oinarrizkoa dugu, eta horretan lan egiten jarraituko dugu!

Gora emakume langileon borroka! Gora borroka feminista!

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude