Atxikimendu ugari Euskal Herria batera agertzeko Aberri Egunari

«Aurtengo Aberri Eguna oso momentu berezian datorkigu, koronabirusa dela eta denok etxean pasa beharko dugulako eguna. Horrek halere aukera sortu digu Euskal Nazioaren Eguna Euskal Herria osoan eta batera ospatzeko», nabarmentzen zuten Euskal Herria Baterak 2020ko Aberri Eguna ospatzeko kaleratutako adierazpenean.

Larrialdi honetan bizia galdu dutenak gogoratzeko, zaintzak egiten eta gaitzaren kontra borrokan ari direnei esker ona azaltzea eta «gure harrotasuna bidaltzea» dira Aberri Egun berezi honen helburuak ekimenak azaldu duenez. «Guzti horiei besarkada kolektiboa emateko eguna da. Aurtengo Aberri Eguna berezia izango da bai uneagatik bai egingo dugunagatik», gaineratu dute.

Aberri Eguna ospatzeko egiten duten proposamena www.aberrieguna2020.eus webgunean elkartasun mezuz osaturiko mosaiko erraldoia egitea panteatu dute, lehenik eta behin. Hori osatzeko argazkiak bidaltzea eskatu dute. Bigarrenik, Aberri Egunean bertan, bihar, etxeko leiho eta balkoietan ikurrinak jartzea eskatu dute. 12:30ean, berriz, ‘Txoria txori’ abestia kantatzea eskatzen dute, hildakoen omenez eta koronabirusari aurre egiten ari zaienekiko harrotasunez eta eskertzaz minutu bateko isilunea egin ondoren. Irratiei kantu hau jartzeko deia egin diete.

EH Bildu eta EH Bairen atxikimendua; EAJ/PNV minutu bateko ixilunera baino ez da atxiki

Euskal Herriko eragile politikoen artean EH Bildu eta EH Bai, adierazpen bateratua medio, ekimenari bere atxikimendua adierazi diote. Diotenez, “neoliberalismoaren aurpegi gogorrena eta Estatuen inboluzioa ikusten ari garen honetan, burujabetzaren aldeko konpromisoa hartu behar dugu (…), langile eta, oro har, herritarren bizi baldintza duinak bermatu ahal izateko, gizarte eredu justua eraikitzearen bidean”. Alderdi biek burujabetza “herri gisa segitzea eta aldi berean, gizarte justuago bat erakitzeko baliabideak eskuratzea” bermatuko digula adierazi dute.

EAJ/PNVk, bere aldetik, ekimen honekin ez duela bat egingo adierazi du. Sabin Etxeko iturriek albiste ajentzien bitartez jakitera eman dutenez, ontzat ikusten dituzte Aberri Egunaren ospakizun guztiak baina berea egitea nahiago dute. Ikurriñak balkoietan erakustea barnebilduko du bere deialdiak, etxetik ateratzeko ezintasuna dela eta.  Hala ere, alderdiak, azkenean, bat egin du 12:30ean koronabirusaren biktimemiko minutu bateko ixilunearekin.

Podemos Euskadik, bere aldetik “bizitza erdigunean jarriko duen eta inor atzean utziko ez duen eguna” ospatzeko deia zabaldu du. Alderdi honek herritarrak deitu ditu “leiho eta balkoietara irtetera, txalo egiteko eta aldarrikatzeko, irrintzi baten bidez, posible egiten dutenak egunero pertsona guztiak, kolore, erlijio, genero edota jatorriaren gainetik hiritarrak direla, garrantzitsuak eta beharrezkoak, komunean eraikitzeko jarraitzeko”

Atzerritik elkartasun eta atxikimendu ugari

Gerry Adams, Sinn Féineko lider historikoak, Euskal Herria Batera ekimenak Aberri Egunerako egindako deialdiarekin bat egin du. Berarekin batera, Elisenda Paluzie ANCko lehendakariak, Marcel Mauri Ómnium Culturaleko bozeramaileak, Shona McAlpine Scottish Independence Conventioneko kideak, Jaume Alonso-Cuevillas eta Lluis Cleries JXCAT alderdiko diputatatu eta senatariak, Montse Prado BNGko diputatua Galizako Parlamentuan, Rubén Bela Galiza Sempre elkarteko lehendakaria, Bieito Loberia BNGko antolakuntza arduraduna, Lehbib Moh Fadel Samarako Farsia 3ko dispensarioko sendagilea, Saruhan Oluc eta Meral Danis Bestas HDPko diputatuak, Ana Miranda BNG-ren ordezkaria Europan eta Chris MacManus Sinn Féin-eko diputatua Europako Parlamentuan, besteak beste, egin zuten bat ere deialdiarekin.

Horien ostean heldu ziren Carles Puigdemont, Kataluniako presidente ohiaren edo Michele O’Neil, Sinn Féinn alderdi irlandar errepublikanoaren lehendakariordearena. Horiekin batera, Gales, Flandria, Sahara, Latinoamerika edota Italiatik heldu dira elkartasunn mezuak.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude