% 22,2ko balioa zuen, EB 28k 2019an zuen batez bestekoaren (% 20) gainetik
Adierazle demografiko garrantzitsuenetakoa da adinaren araberako biztanleriaren egiturari lotutakoa, zehazki, 65 urte eta gehiago dituen multzoari. 2019an, Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) biztanleria-ehunekoa tarte horretan EB 28ko herrialdeetako altuenetakoa da, Eustaten eta Eurostaten azken datuek erakusten dutenez.
Biztanleriaren % 22,2k 65 urte eta gehiago zituenez, urte horretan EB 28ko herrialdeen batez bestekoaren (% 20) gainetik zegoen. Europar Batasuneko herrialde guztiak kontuan hartuz, Italia baino ez dago (% 22,8) Euskal Autonomia Erkidegoaren gainetik.
Adin-talde bakoitzaren bilakaera, bistan denez, adin-talde bakoitzean sartzen diren belaunaldien tamainaren ondorio da, belaunaldi bakoitzean heriotza-tasak, migrazioak eta jaiotza-tasak duten efektu diferentzialaz gain. Adineko pertsonen progresioa azaltzeko bizi-itxaropenaren igoera ere hartu behar da kontuan.
EAEn 65 urte eta gehiago dituztenen multzoaren ehunekoak gora egin du 2008-2019 aldian. Hala, 2008. urtean biztanleen % 18,6 ziren, 2013. urtean % 20,2 eta 2019. urtean % 22,2.
Estatu espainiarrean, berriz, 2008. urtean 65 urte eta gehiago zituzten biztanleen multzoa % 16,4 zen bitartean, 2019. urtean % 19,4 zen. Edozein kasutan, EAE ez bezala, urte horietan guztietan EB 28ko herrialdeen batez bestekoaren azpitik egon da.
Sailkapena kontuan hartuz, 2019an, Euskal Autonomia Erkidegoko 65 urte eta gehiago zituztenen multzoaren gainetik Italia baino ez zegoen (% 22,8). Italiaren ondoren zeuden Grezia (% 22), Finlandia eta Portugal (% 21,8, hurrenez hurren) eta Alemania (% 21,5), besteak beste.