EH Bilduk hitzartu du PSOE eta UPrekin Lan erreforma indargabetu eta tokiko erakudeen gastua handitzeko

EH Bilduk akordioa hitzartu du PSOE eta Unidas Podemosekin (UP) “Covid-19ari lotutako krisiaren ondorioz hartutako ezohiko neurri ekonomiko eta laboralen ezarpena amaitu aurretik, PPk 2012an martxan jarritako Lan erreforma “osotasunean” bertan behera uzteko”.

Espainiako Gobernua osatzen duten indar politikoekin lortutako akordioari esker, tokiko erakundeek, foru erakundeek eta autonomikoek “gastu gaitasun eta malgutasun handiagoa izango dute herritarren mesederako politika publikoak martxan jartzeko eta Covid-19aren krisiak eragindako ondorio sozialei aurre egiteko”.

Era berean, Udalek politika sozialetara bideratzen duten dirua gastu arauaren zenbaketatik at uztea eta kontuan ez hartzea adostu du EH Bilduk PSOE eta UPrekin. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren zorpetze gaitasuna soilik “beren erakundeen finantza egoeraren arabera” ezartzeko konpromisoa lortu du ezkerreko indar subiranistak.

Abstentzioa, Alarma Egoera luzatzeko bozketan

Euskal Herria Bilduren Kongresuko bost diputatuek alarma egoeraren luzapena “ez oztopatzeko eta gaurko bozketan abstentziora jotzeko konpromisoa” dakar akordioak. Aldi berean, hitzarmena garaiz eta edukia errespetatuz betetzeko konpromisoa hartu dute PSOEk eta Unidas Podemosek, eta adostutako neurrien aurrerapen, garapen eta ezarpenaren berri emango diote Euskal Herri Bildu Talde Parlamentarioari.

Estatuko “herrien eta langileen babes sozial eta ekonomikoa bermatzeko eta sakontzeko ezinbesteko neurrien artean kokatu dute EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemasek gaur izenpetu duten hitzarmena. “Neurri hauer Euskal Herriko gehiengo sozialaren eta euskal langileriaren bizi baldintzak hobetzea dute jomuga, baita Espainiako Estatuko langileenak ere”, zehaztu dute sinatutako itunean.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude