Lamiakoko ibaipeko proiektua salatzeko elkarretaratzea deitu dute

Sukar Horia, GuNe eta Azkorri Bizirik taldeek elkarretaratzea deitu dute datorren larunbaterako, urtarrilak 30, bizikletaren eta garraio publikoaren alde, eta itsasadarraren azpiko autobiaren proiektua salatzeko. Elkarretaratzea Aldaketaldia mobilizazioen baitan egingo da, Bizkaiak eta Gipuzkoak antolatuta, Zaldibarko tragediak urtebete bete duenean krisi ekologiko eta sozialari aurre egiteko.

Mobilizazioa Getxoko Zubian izango da, 12: 00etan. Gainera, 11: 00etan, Azkorri Bizirik taldeak deituta, Getxoko Andra Mari kiroldegitik Zubi esekiraino bizikleta martxa abiatuko da.

Foru Aldundiak 400 milioi euro inbertituko zituela iragarri zuen duela urtebete. Ekainean, Foru Aldundiak Idom, Sener eta Euskontrol enpresek osatutako ABEEari esleitu zion proiektuaren idazketa, 8,9 milioiren truke.

“Pobrezia handitzen ari den garai honetan, onartezina da Bizkaiko Foru Aldundiak 400 milioi euro baino gehiago xahutu nahi izatea itsasadarraren azpitik autobia bat egiteko. Larrialdi klimatikoa bizi dugun arren, Bizkaiko Foru Aldundiak zaharkitutako logika desarrollista bati jarraitzen dio eta autoaren erabilera bultzatzen duten azpiegiturak eraikitzen ditu. SuperSur eraikitzeko Bolintxu bailara suntsitzen ari direnek itsasadarraren azpitik igaroko den 3 kilometro eta tontorreko supertunela zulatu nahi dute “, salatu dute kolektibo sozialek.

Era berean, Aldundiak Getxo eta Bilbo bidegorri batekin lotzeko “ezer” ez duela inbertitu adierazi dute, “ezta garraio publikoa hobetzeko, sustatzeko eta merkatzeko ere”. “Adibidez, metroaren prezioak gora egiten du urtero eta autobusen maiztasunak lotsagarriak izaten jarraitzen du”, adierazi dute.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude