GED-ek ‘fase berri bati’ hasiera emango dio ‘lortutakotik harago joateko’

GEDen arabera galdeketek «zer nahi dugun eta nola nahi dugun erabaki» ahalbidetu dute I Datorren martxoaren 31n ekitaldia egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian I Konzentrazioa deitu du asteartean, 19:00ean, Algortako Telletxe Plazan

Estatus politikoaren inguruko herri galdeketen zikloa itxitzat eman du Gure Esku Dagok, erabakitzeko eskubidearen inguruan fase berri bat irekitzeko asmoz. Bide horren nondik norakoak finkatzeko ekitaldi bat antolatu dute, martxoaren 31n, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Kartoizko hautesontziak eskutan agertu dira Gure Esku Dago dinamikaren parte diren 200 bat lagun Tolosan, herri galdeketan zikloa itxi eta fase berri bat irekitzen dela iragartzeko.

Azkeneko bost urteetan Hego Euskal Herriko 208 herritan egin dira kontsultak eta 218.248 herritarrek hartu dute parte. Lortutako emaitzarekin pozik agertu dira plataformako ordezkariak, nahiz eta kontziente diren erabakitzeko eskubidearen aldeko babesa zabaltzeko beharraz. «Emaitza horretaz harro bagaude ere, oinarria zabaltzen jarraituko dugu; Euskal Herriko lurraldeetan erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, erreferendum bidez, normaltasunez, libre eta demokratikoki, eta berme guztiekin», adierazi dute Larraitz Zubeldiak eta Sugoi Etxarrik.

Hauteskunde urte bete betean sartuta, Gure Esku Dagok gizartean «eragiteko garaia» dela uste du eta helburu horretan sakontzeko agenda zehazten arituko da hemendik eta martxoaren 31n Bilbon egingo duen ekitaldira bitartean. «Ezer ez dagoenean ziur, dena da posible» lemari heldu diote gaur datozen hilabeteetan erabitzeko eskubidearen inguruan lanean jarraitzeko.

Herri galdeketan izandako parte-hartze bilakaera.

Aniztasunean irabaztea eta sentsibilitate ezberdinak bidera batzea izango da xedeetako bat: «Hautesontzietan gizartearen %100ak du lekua», adierazi dute. Zentzu horretan, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den ekitaldian parte hartzeko deia luzatu dute. «Heldu zein gazte, emakume, gizon ala beste, bateko zein besteko, guzti guztiak gonbidatuta zaudete hitzordu honetara».

Orain arteko lana balioetsi dute azken urteotan herri galdeketak antolatzen aritu diren herritarrek, lortutakoari helduta urrats berriak emateko. «Erabakiteko baldintzak sortzen ari gara. Galdeketen bidez ereindako lurrak eman ditu bere fruituak, eta eman digu herritarroi konfiantza, indarra eta determinazioa bide berean jarraitzeko. Galdeketen bidez lortutako horretan sakontzeko garaia da orain», azpimarratu dute.

Konzentrazioa asteartean Algortako Telletxe Plazan

Hurrengo hilabeteetan xehetasun gehiago emango ditu Gure Esku Dagok, Bilboko ekitaldiari begira. Datorren astean, berriz, mobilizazioak egingo dituzte asteartean Auzitegi Gorenean Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontra hasiko den epaiketa salateko. Asteartean bertan elkarretaratzeak izango dira hiriburu eta herrietan. Gure eskualdean, datorren asteartean, 19:00etan Algortako Telletxe plazan egingo da konzentrazioa. Leioako Gure Esku Dagoren taldeak esan duenez, «epaiketa ez da soilik katalanen aurkakoa. Denon eskubideak epaitzen ari dira». Horregatik, salatzeko ekimenetan parte hartzera deitu du.

Mobilizazioekin jarraitura, otsailaren 17an manifestazioa deitu du GED-ek, 12:00etan Donostian. Irteera Gros auzoko Katalunian izango da.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude