Iritzia :: 2018ko udal Aurrekontuak (II) :: Aritz Tellitu (EH Bildu Leioa)

Urte bete aurretik onartutakoa beteko dela bermatzeko

Aritz Tellitu I EH Bildu Leioaren bozeramailea

Azaroaren erdialdean ospaturiko udal Ogasun Batzordean ekin genion 2018ko aurrekontuen eztabaidari, bertan PNV-k eta PSOEk osatzen duten Udal Gobernuak aurrekontu proiektua aurkeztu zutenean. EH Bildu Leioatik lehen momentutik somatu genizkion gabezi nabariak aurrekontu proiektu horri kudeaketa ereduari dagokionez, eta bereziki Leioako beharrizanei erantzuteko beharrezkoak diren proiektu falta nabaria baitzuten. Eta horrela berretsi genuen aurrekontuak aztertzeko antolaturiko herri batzarrean: Leioako beharrizanei erantzuteko proiekturik ez zegoela PNV-k eta PSOEk aurkeztutako proposamenean.

Horren aurrean, eta udaleko banaketari erraparatu ostean, Leioako EH Bildutik antolaturiko herri asanbladak erabaki argia hartu zuen: 2018 aurrekontuetan Leioarentzako ezinbestekoak diren proposamenak jaso behar ziren, eta horretarako beharrezkoak ziren emendakinak aurkeztu eta aurrera ateratzea ahalbidetzeko saiakera egin behar genuen, auzoen beharrizanei erantzuteko, kirol ekipamenduetako egoerari buelta emateko, etxebizitza politiketan urratsak  ematen hasteko, Leioa bizitzaz beteko duen kultur eskaintza handitzeko…. Eta horren adierazle izan ziren abenduan aurkeztu genituen 35 proposamen zehatzak.

Emendakinak aurkeztuta hauek aurrera ateratzeko lan politikoari ekin genion, eta Udal Gobernuarekin eztabaida luzeak izan ostean Udal Gobernuak EH Bilduren 19 emendakin partzial onartzea lortu genuen, guztira 1,6 milio euroko balioa dutenak. Lehenik eta  behin auzoei dagozkien emendakinak nabarmendu nahiko nitzuke, izan ere, PNV-k eta PSOEk aurkezturiko aurrekontu proposamenak proiektu konkreturik ez baitzituen jasotzen alor honetan, eta guk egindako emendakinak onartu ostean auzo desberdinek proiektu konkretuak jasorik izango dituzte 2018 aurrekontuetan: Pinueta auzorako plana 200.000€, Pinueta auzorako aparkaleku eta kirol espazioa, Lamiako auzorako kultur etxea, Kandelazubieta auzoa berrizteko plana edota Sabino Arana oinezkoentzako bilakatzeko proiektua besteak beste.  Gainera, auzoetako kultur programazioa handitu ahal izateko partida handitzea lortu izan dugu.

Kirol ekipamenduen egoerari erantzutea ezinbestekoa zen,Sakoneta txiki eta zaharkituta geratu baitzaogu, eta horri buelta ematera doaz onarturiko bi emendakinak: Kiroldegi berria eraikitzen hasteko proiektua eta Sakoneta Kiroldegian egiten diren inbertsioen igoera. 2018 urtea izan dadila behingoz kiroldegi berriarekin hasteko urtea.

Etxebizitza duin bat eskuratzeko eskubidea leioaztar guztioi bermatzeko helburuarekin, eta bereziki gazteon emantzipazioa bultzatzeko helburuarekin bi proposamen onartzea lortu dugu. Lehena udal etxebizitza sozialen parkea sortzea, eta bigarrenik gazteon emantzipazioa bultzatzeko diru-laguntza martxan jartzea, alokairuan emantzipatu nahi duten gazteei laguntzeko bideratua. Horrela, 2018 urtean alokairuan emantzipatzen diren gazteek diru laguntza jaso ahal izango dute.

Baina proposamen hauek guztiekin batera beste hainbat alorretako partidetan igoerak, proposamen berriak edo aztertzeko konpromisoak onartzea ere lortu dugu, euskara, berdintasuna, politika sozialak edo kultur alorrean esaterako.

Baina hemen ez da ezer bukatzen, proiektuak  2018 aurrekontuetan jaso dira, orain urte bete daukagu aurretik hauek burutuko direla bermatzeko. Eta lan hau ezinbestekoa izango da, urte bete Udalak onartutakoa bete dezala lortzeko. Horretarako Udalean burutzen dugun lanari kalean egiten dena gehitzea ezinbesteko izango da, soilik herritarrek bultzaturik lortuko baitugu Udalak onarturikoa %eko 100ean betetzea. Gu horretan ahaleginduko gara. Baina leioaztarrek oro har eta auzo ezberdinetako bizilagunek ere zer esan handia dute horretan.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude