Iragarrita zegoen euria, baina Lamiako Maskaradaren antolatzaileek herritarrak animatu zituzten haiekin batera gozatzera eta balkoiak ohialez apaintzera eta “Maskaradaz” jantzirik joatera ospakizunera. Gainera, 40. urteurrena zen, eta lamiadantza berezia eskeini nahi zuten aurreko urteetako zenbait partaideren laguntzaz.
Dena zegoen prest, urtean zehar lan egindakoa ikustarazteko zai. Eta heldu zen eguna. Maiatzak 25, ostiralez. Arratsaldez lehen eta bigarren zatiak betiko lez joan ziren, baina ezin gauza bera esan akelarreaz. Kriston euri jasa bota baitzuen. Zeruak zabal-zabalik, uholadea zirudien. Hala ere, ospakizunera hurbildutako jendea hantxe zegoen, itxoiten. Euria zein txingorra bota, bertan zai.
Horregatik, antolatzaileek, lehen momentuko tristura, negar gura eta blokeoa gainditu eta jaiarekin aurrera egitea erabaki zuten. Jendea Lamiako antzokian sartu zen fanfarreak jotzen zuen bitartean. Eta, hori ikusita, nahiz eta sorinurik eta argirik ez izan, Lamiako Maskaradarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten antolatzaileek. Egin egin behar zelako. Urtean zeharreko lanak, jendearen gogoak, eta auzo-harrotasunak halaxe eskatzen zuelako.
Antolatzaileek dioten bezala, “denon artean lortzen dugu Lamiako Maskarada aurrera eramatea, beraz bihotzez eskertzen dugu laguntzaileen lana, zuen laguntza barik ezin izango genukeelako Lamiako Maskarada ospatu”. Esker emate horretan, ezin ahaztu eskerrak ematea “gure auzo osoari! Atzo [ostiralean] gertatu zena mundiala izan zen”, adierazi dute antolatzaileek.