Zaharrago, ikaskurago :: Inkestak

Gorka Azkarate I Irakaslea

Boteretsuek jendeak zer pentsatzen duen jakin nahi dutenean, galdetzen dute. Hobeto esateko, enpresa bati, inkesta bat egiteko agintzen diote.

Niri inkestei erantzutea asko gustatzen zait. Bakarrenetarikoa izango naiz, baina tira. Izena eta guzti erantzun behar bada ere, ez dut inolako problemarik. Berehala asmatzen dut izen egoki bat.

Gehien gustatzen zaidan galdera hurrengoa izaten da. Izena galdetu eta gero, ondorio gehiegi ez dute atera nahi nonbait eta badaezpada sexua galdetzen dizute. Sexuaz galdetu didaten bakoitzean, orain arte, beti aukera pare bat besterik ez zuten ematen. Gizonezkoa ala emakumezkoa. Inkesta egile gehienek ez dute nonbait LGBTIQ+ kontuen berri. Gizona ala emakumea. Kito. Nik, aspaldidanik, hirugarren aukera bat hobetsi izan dut. Sexua galdetzen badidate, gizon/emakume erantzun beharrean, BAI erantzuten dut. Eta pixka bat azaltze aldera, eskerrik asko bat eransten dut.

Jostagarria izaten da inkestetan ikustea nola galdetzen dizute behin eta berriro gauza bera galderaren formulazioa aldatuz. Gezurrak bota nahi izanez gero, koherentziari eustea batzuetan ez da oso erraza izaten.

Inkestekin, txarrena izaten da ez dagoela jakiterik gero zer egingo duten emandako gezurrezko datuekin. Lehenengo inkesta egin duten enpresakoek eta gero inkesta enkargatu dutenek, bakoitzak bere aldetik, erabakiko dute jasotako datu horiekin guztiekin sukaldean zer egin. Sukaldea deitzen diote adituek inkesten emaitzak doitzeko egiten direndatuen berrantolaketa sistemari. Jakin badakitenez gezur asko itzuri egiten zaizkiela, gezur horiek konpentsatzeko, kontrako gezurrez apaintzen dituzte jasotako erantzun guztiak.

Azkenean, inkestei buruz esaten dena: badaude gezurrak, gezur handiak, gezur lotsagabe itzelak, estatistikak eta, azkenik, inkesten emaitzak.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude