Aberri Eguna 2022 , Urruña :: Abadia Adierazpena

Hemen gaude, lur honi loturik. “Oi, lur, oi lur!, Oi, ene lur nerea!…, Oi, goiz eme, parre gozoz ernea!…”.  Yeah Lur bati lotzen baitzaio jendea munduan egoteko, sorterria utzi behar izanez gero, nora itzuli izateko.

Itsasoari begira bizitzea hautatu zuten lur honetan herri bat eraikitzen hasi zirenek, ohartu baitziren euri guztien urak, Orhikoak eta Bizkarzekoak, goi-mendietakoak eta behe lurretakoak, ibaietan zihoazela itsasoaren bila. Agian horregatik, itxasoari matxinbratzen zaio herri honetako jendea, eta ibaiei jarraitzen die portu berrien bila: “Kantauri-itxasoak orroaka dabilki, Euskaria deritzan itxas-ontzi… An dijoa Azkatasuna sendo eta gazte. A! baleuzka esku indartsuak azke”.

Baina itsasoak izen bat behar du, eta izen bat behar du portuak, eta ibaiak, eta mendiak, eta herriak ere behar du izen bat, hemen gaudenok jakin dezagun zein lekutan bizi garen, itsasora goazenean jakin dezagun zein portura itzuli. Eta izenak hizkuntza bat behar du izateko, eta guk ere behar dugu esanez izateko. Horregatik gara hizkuntza bat atxikitzen duen jendea; hitzak esanez egiten dugu hizkuntza: “Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?”.

Lur honetan gaude eta herri hau eraikitzen ari gara, baina ez gara betikoak ezta betirakoak: “Gu mundukoak gara, baina mundua, ez da gurea”. Behinola nonbaitetik iritsi ziren asaba migratzaileen ondorengoak gara, beste nonbaitetik datozen migratzaileak bertokotzat hartzen dituen herria. Bizitzeko eta izateko ederra delako kantatu diote poetek herri honi: “Oi ama Eskual-Herri goxua. Zütatik hürrün ni trixterik banua”. “Herrialde guztietan, Toki onak badira, baina bihotzak dio: zoaz Euskal Herrira”. Behinola migratzaile izandakoa bertoko nahi dugu.

“Zeruko nahiz lurreko jaungoiko guztiak ukatzen” dituzten emakumez osatutako sarea gara, “a, e, i, o, u berri bat ahoskatu” nahi duena, bihar jaioko direnen alde. Atzo herri hau amestu zutenei eta bihar jaioko direnei zor baitiegu jendarte justu eta librea, zoriontsu izatea merezi duten gorputzez osatutakoa.

Mundua kultura bati atxikita irudikatzen duen jendea gara, historia bat duena eta izan nahi duena, jaso duen Historia orainetik etorkizunera herri ikuspegitik sortuko duena.

XIX. mendean, hemen, Urruñan antolatu zituzten Lore Jokoetan zazpi euskal herrietako populuari batera bizitzeko egin zioten dei hura eguneratzera gatoz. Orduan bezala Kultura balioan ezarri nahi dugu gaurkoan, Abadiako adierazpen honetan. Kultura tresna eta orubea baita euskal nazioa birsortzeko. Kultura ezinbesteko baliabidea baita komunitatea bateratzeko eta jendartean zoriona ereiteko. Kulturak, gure aniztasunean batzen gaituenean, munduak ikus gaitzan eta munduan Herri bat izan gaitezen lortzen du.

Hizkuntzak egiten gaitu pertsona. Kulturak herri. “Kulturarik gabe ez dago herririk, Ez dago kulturarik gabeko herririk”

Abadian ikusi bezala, ekimen herrigile ugari abiatu dira gure herrian mende hauetan zehar. Euskal Herriaren balioa batera sortzeko duen gaitasuna da.

Mundua abiada bizian okerrerako aldarazten ari diren gertakariei denok batera aurre egiteko dei egitera gatoz. Ez dugu denbora geratu nahi; denborak mundua ez galtzea nahi dugu.

Elkarrekin bizitzeko modu hau eraldatuko duen esteka klikatu nahi duen jendea bildu gara hemen. Mehatxua, jazarpena, eta intolerantzia pertsonez osatutako galbahearekin arbuiatuko dituen jendea.

Euskal Herria Batera 2020ko Aberri Egun berezian sortu zen, pandemiaren unerik beltzenean. Globalizazioaren arriskuei aurre egiteko komunitarismoa indartu behar dela uste genuelako. Lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak direlako tresnarik egokienak pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko.
Bide horretan ekarpen bat egin nahi izan dugu, Aberri Egunetan jendarte zibilari lema hartzeko eskatuz leihoetan eta plazetan bildu ginen, Euskal Herria bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatuz. Batera egiteko gaitasunaren emaitza gara gu, batera aritzean indarrak bikoizten ditugulako.

Abadiaren itzalpean Urruñako udaletxera gonbidatu zaituztegu, zuokin asmo bat partekatzeko. Anbizioaren eta konpromisoaren garaia da. Ikurren udaberria sustatu dugu aurten, nazio gogoaren berpizteak kulturaren udaberriari bide eman diezaion hurrengo urteotan.

Euskal Herria Baterak ez du bere horretan iraun nahi, sor xedeari lotzen gatzaizkio. Konpromisoa hartzen dugu euskal jendarteak bere egin dezan Aberri Egunaren ospakizuna, herrigintzan batera jarduteko gogoa piztuz. Azken finean gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa.

Goretsi dezagun batera egiteko gai garena.

Korapilatu gaitezen elkarri, askatuko gaituzten loturak adostu arte.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.