Aieteko deklarazioaren garrantzia eta izan duen eragina guztion eguneroko bizitzan

EH Bildu, EH Bai

Duela 10 urte jada, 2011ko urriaren 17an alegia, Kofi Annan, Bertie Ahern, Gerry Adams, Jonathan Powell, Brian Currin, Gro Harlem Brundtland eta Pierre Joxe bezalako nazioarteko ordezkarien eta Euskal Herriko ia indar politiko eta sindikal guztien parte hartzearekin egin zen Aieteko Nazioarteko Konferentzia. Gure herriaren historian mugarri bat izan dena, bakeari ekiteko bide-orri oso bat zehaztu zuena. Europako azken konfrontazio armatuaren bukaerarako aukera ikusi zuten nazioarteko ordezkari eta eragileek eta haien kolaborazioa eskaini nahi izan zuten. Haiek zioten bezala, bertako hiritar, eragile, instituzio guztien parte hartzea ezinbestekoa zen, bai eta nazioarteko Komunitatearen laguntza ere bai. Haien esperientzia dela eta guztion oniritziarekin honako proposamena egin zuten:

1. ETAri eskatzea bere ekinbide armatuari bukaera eman ziezaion eta Espainiar zein Frantziar Gobernuekin elkarrizketak eskatzea gatazkaren ondorioez soilik aritzeko.

2. ETAk horrelako deklarazioa eginez gero, Espainiar eta Frantziako Gobernuei eskatzea deklarazioa ontzat hartzea eta elkarrizketei ekitea.

3. Eskatzea urratsak egitea bizikidetzan aurreratzeko, biktima guztiak aitortzea eta erreparatzea, eragindako mina aitortzea eta zauri pertsonal zein kolektiboak sendatzeko laguntzea.

4. Eskatzea eragile ez-biolentoak eta ordezkari politikoak bildu daitezen eta auzi politikoez eztabaidatu dezaten eta hiritarrei kontsulta diezaieten, horrela gatazkarik gabeko fase baterako lagungarria izango delakoan.

5. Haien prestutasuna adierazi zuten gomendio hauen jarraipen batzorde bat sortzeko.

Ondorengo ibilbidea

Agerian denez, ETAk bete ditu bere konpromisoak, guzti guztiak. Horri armagabetze eta erakunde gisa desagertzea gehitu behar zaiolarik. Estatuen erantzuna, berriz, hasiera hasieratik borondate politikorik gabea izan da, bide hori itxiz eta inongo elkarrizketa errefusatuz. Gerora, Ipar Euskal Herritik eraman den indar metaketari esker Frantziar Gobernuaren jokabidea doi bat ezberdina izan bada ere. Gogoratzekoa da zentzu horretan Espainiar Gobernuak nazioarteko ordezkari horiek, jarraipen batzordeko kideak erasotzera ailegatu zela.

Ordezkari politiko, instituzional eta hiritarren parte hartzeari dagokionez, hamar urte hauetan oso bide ezberdinak egin dira Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian. Errealitateak eta izandako ibilbide historikoa ezberdinak izatearen eraginez gertatu da neurri handi batean.

Ipar Euskal Herrian oso bide emankorra egin da. Konplexua dudarik gabe, eztabaida luzeak egin eta guztion partetik eskuzabaltasunez aritzea eskatu duena. Baina oztopo eta zailtasunen gainetik ibilbide garrantzitsua egin da, 2014ko Baionako Adierazpena bezalako akordioak erdietsiz, instituzioak eta gizarte zibila batera arituz eta Frantziar Gobernua mugiarazteko bideak irekiz. Egun horrela da ere, egiteke diren urratsen arrastoan ahaleginak egiten. Bereziki, ibilbide honetan zehar eta egun ere bistaratu izan diren blokeoen gainetik, presoak etxera itzultzeko bidea bultzatzen.

Halaber, elkarrizketa eta adostasun horiek bestelako gai politikoei heltzeko balio izan dute. Hala nola Ipar Euskal Herriaren erakundetze prozesuan 2017an Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerarekin hiru lurraldeen aitortzan lehen urratsak egiteko. Jarraipena izan beharko luketena, gure ikuspuntutik hurrengo urratsa Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitatea sortzea litzatekeelarik Ipar Euskal Herriaren ezagutza politikoan urrats sendoagoa egin ahal izateko.

Hego Euskal Herrian, berriz, hasieratik gauzak oso motel joan dira, kontraesan eta are konfrontazio handiak izan dira, eta zailtasun nabarmenak izan ditugu guztiok arraun egiteko norabide berean. Elkarbizitza, bakea eta gatazka politikoa gainditzearen norabidean hain zuzen. Hainbat momentu eta esparrutan nagusitu dira alderdikeriak, interes elektoralak, faktura politikoak pasatzeko asmoak… Ordezkaritza instituzionalak ere, guztion elkargune gisa aritu beharrean alderdikeria horretaz blai aritu dira, bidea erraztu beharrean gauzak korapilatzen. Esanguratsua eta azpimarratzekoa da zentzu horretan Urkullu jaunak jokatutako papera. Aieteko deklarazioaren konpromisoei ihes egin, nazioarteko ikuskatzaileen gomendioei muzin egin, eta Espainiar Gobernuaren aurrean bere alderdiarentzat eroso ziratekeen tokia bilatu nahian ibili baita.

Bidegurutze bat: Arnaga eta Bertiz

Aietetik Arnagako deklaraziora 7 urte igaro ziren. Zazpi urte konplexu eta zailak, non gizarte zibilaren parte hartzea ezinbestekoa izan zen konponbiderako ibilbidean hainbat urrats egiteko. Ikusgarriena eta garrantzitsuenetariko bat armagabetze prozesua bera. Sinesgaitza dirudi oraindik ere, baina Espainiar Gobernuak, Frantziarraren laguntzaz, uko egin zion armagabetze prozesu antolatu bat egiteari. Uko egiteaz ez ezik, ekiditen saiatu zen bortitz eta temati. Bereziki Ipar Euskal Herriko Gizarte Zibilaren irudimenak lortu zuen bi estatuen presio hori gainditzea eta armagabetzea burutzea mundu guztiaren aurrean. Funtsezko urrats horrek, baldintza berriak ireki zituen gatazkaren ondorioen konponbidean aitzinamendu berriak egin ahal izateko.

Aurrekari horiekin ailegatu ginen Arnagako deklarazioak eta Bertizen Urkulluk eta Barkos lehendakariek egindako ekitaldiak irudikatzen duten bidegurutzera.

Arnagan, nazioarteko ikuskatzaileek baieztatu zuten ETAk egindako eskaera guztiei erantzun ziela. Konpromisoak betetzeaz gain, armagabetzea eta disoluzioaren urratsak baikorki baloratu zituzten. Historikotzat jo zuten eguna. Berriz, Espainiar Gobernuak elkarrizketari uko egin izana azpimarratu zuten. Era berean, egin gabe zeuden urratsak gogoratu zituzten: preso eta iheslarien aferari irtenbidea ematea eta bizikidetzarako bideari ekitea, eta elkarrizketa politikoei ekitea. ETA-ren desegiteak, dudarik gabe, hamarkadetako gatazkari bukaera emateko aro berri bat ireki zuen Euskal Herrian.

Bertiz, ordea, iraganari begira egindako ekitaldi instituzionala izan zen. Ekimen itxia, uzkurtuta, etorkizunari beldurra erakutsi zuena, protagonismo politiko bati eustea bilatzen zuena eskubide eta konponbidearen gainetik. Euskal Herriaren historian mugarri izan den egun bati jarritako kontrapuntu tristea izan zen Hego Euskal Herriko bi lehendakariak posizio horretan ikustea.

Geroztik Hego Euskal Herriko bi Gobernuen artean ere jarrerak eta ibilbideak ezberdintzen joan dira. Batzuentzat harrigarria bada ere, geroztik izan diren Nafarroako bi Gobernuek, zailtasunak eta kontraesanak gora behera, jarrera irekiagoa izan dute Ajuria-Eneakoa baino. Ezin esan halere gaiak behar duen disposizio eta abiadurarekin aritu denik. Une batzuetan baita etsigarria izan baita gauzak korapilatzeko eta atzeratzeko joera.

Halere, testuinguruak lagunduta ziur aski, presoen aferari dagokionean azkenean gauzak mugitzen hasi eta urrats batzuk egin dira. Esanguratsuena, zalantzarik gabe, sakabanaketari bukaera emateko egiten ari direnak. Burutu gabeko prozesua da oraindik, baina dilaziorik gabe salbuespenezko espetxe-politika alde batera utzi eta presoen etxeratzearen faseari bidea ireki beharko liokeena. Horretarako Euskal Herriko alderdi, eragile sozial eta instituzionalen parte hartzea eta adostasuna behar beharrezkoa da.

Zoritxarrez, ezin esan gaur egun nagusitzen ari den joera hori denik. Aitzitik, Gasteiz eta Iruñeko Gobernuen kudeaketan dauden alderdiek bestelako jokabidea erakutsi dute. Oraingoan, iraganari buruzko irakurketa arerio politikoa erasotzeko eta abantailazko posizio etiko eta politikoa lortzeko baliatu nahi dutela irudi du. Nola ulertu bestenaz azkenaldion eta, bereziki, “Elkarbizitzarako planen” izenean egiten ari diren deklarazioak eta mugatu nahi diren askatasunak? Lehen “ETAren munduaz” hitz egiteak ondorio larriak ekarri zituen ehunaka herritarrentzat, bai eta eskubide zibil eta politikoen murrizketak milaka eta milaka herritarrentzat. Orain batzuk “ETAren unibertsoaz” mintzo dira eta iraganari buruzko autokritika eskatzen dioten sektore politiko jakin bati soilik, horrela abantaila politikoa bereganatu nahian dabiltza datorren ziklo elektoralari begira. Ez dakigu kontzienteak ote diren halakoek eragin dezaketen minaz, arinkeria horrek erakar ditzakeen eraso eta eskubideen murrizketak… Edozein kasutan mesede gutxi egiten zaio elkarbizitzari, herri honen memoria historikoari, eta, oro har, guztion artean eraiki beharreko bake oso eta iraunkorrari. Norberaren interesen gainetik etorkizunari begiratzeko unea da, hurrengo belaunaldietan pentsatzeko unea da, gizarte osoarengan pentsatzeko unea.

Halaber, Frantziar Estatuak egiteke duen bideaz ohartarazi nahi dugu. Orain arte urrats garrantzitsuak egin badira ere, bereziki azpimarratu nahi dugu euskal presoen kaleratzea oztopatzeko fiskaltza antiterrorista izaten ari den jarrera bortitza. Bake prozesu bat eta bizi osorako zigorra ez direlako inondik inora bateragarriak. Orain arte prozesuak izan dituen une kritikoetan egin izan den bezala, eragile eta herritar guziei dei bat luzatzen diegu euskal presoen auziari aterabidea emateko indarrak mobilizatzeko.

EH Bildun eta EH Bain kultura eta tradizio politiko ezberdinetatik datozen alderdiak eta militanteak gaude, eta ez dugu konpartitzen herri honen azken hamarkada luzeetako historiaren irakurketa. Baina hori ez da oztopo bakoitzaren barne hausnarketa eta autokritikarekin batera oinarri batzuk finkatu, elkarrekin aritu eta etorkizunari itxaropentsu begiratzeko. Oinarriak argiak dira: eskubide guztiak guztiontzat eta bide baketsu eta demokratikoak.

Horixe da egoera eta, gaur ere, berriro ere, konpromisoak hartu eta norberaren interes partikularren gainetik herri honen mesedean aritzeko tenorea dugu. Gauzak horrela EH Bilduk eta EH Baik Aieten finkatutako bide-orriarekiko gure atxikimendua berretsi eta honako deklarazioa egin nahi dugu:

• EH Bilduk eta EH Baik jarraituko dugu biktima guztien aitortza eta erreparazioa defendatzen eta horretarako konpromisoak hartzen. Gure lehentasunetariko bat da.

• EH Bilduk eta EH Baik lanean jarraituko dugu espetxe-politikarekin bukatu eta euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxera ekartzeko. Bada garaia urrats hauei heltzeko eta, horretarako, gaia lehia politiko-elektoraletik kanpo utzi behar da. Gu, orain arte egin dugun bezala, prest gaude behar diren urratsak egiteko zentzu horretan. Beti ere gaiari arduraz eta irmotasunez heltzeko bada.

• EH Bilduk eta EH Baik berresten dugu gure konpromisoa iraganari buruzko hausnarketa eta gogoeta konpartitua egiteko. Honetan ere elkarbizitza sendotu eta giza eskubide guztien errespetua izan dadin etorkizuneko oinarria. Gatazkaren gaineko kontakizuna baino, norberak berea eduki baina irakaspenak guztionak izan daitezen. Izan ere guztiok izan baitugu ardura, guztiok egin baititugu akatsak, eta guztiok izan behar baitugu konpromiso irmoa bakea eraikitzeko.

• EH Bilduk eta EH Baik Aieteko adierazpenaren laugarren puntua gure egin eta Euskal Herriaren geroari buruz eragile politikoen arteko elkarrizketa eta akordioak bultzatzeko gure prestasun osoa adierazten dugu. Ildo horretan, adostasun horiek herritarrei kontsultatuz gehiengoaren erabakia onartzea baitezpadakoa da, horrek ahalbidetuko duelako Euskal Herrian egoera demokratikoago bat erdiestea.

Dei egiten diegu gainontzeko indar politiko, ordezkari instituzional, sindikal eta sozial guztiei, Ipar Euskal Herrian egin den bezalaxe, guztion artean konfiantza giroa sortu, behar diren elkarrizketak egin, eta akordioak erdiesteko. Urratsak egiten jarraitu behar dugu. Euskal Herriak merezi du eta. Guk horretarako prestutasun osoa dugu.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude