Dena aldatu, sistema arrakalatu

Sutea

Gaur emakume langilearen nazioarteko eguna aldarrikatzeko batu gara. Gaurkoan langile izatearen baldintza horri eman nahi diogu garrantzia. Zaintzak soldatapekoak ez diren heinean, kapitalismoaren gurpil zoroa mugitzeko erregai ezinhobea bihurtu dira, muxu truk lan indar itzela sortzen dutelako. Izan ere, emakumeak langileak eta nahita nahiez zaintzaileak gara, horrek dakarren guztiarekin. Zaintza hauek ikusezinak dira sistemarentzat.

Azken finean, instituzioak ez daude gure alde, eta zaintza lanak aitortzea, euren pribilegioetan eroso bizi diren gizon horien oinarriak kolokan jartzea suposatzen du. Horregatik, eurek, ez dute inongo aldaketarik nahi, eta ezberdina denarekiko etengabeko zapalkuntza eta indarkeria suspertzen dituzte.

Eta bai, neska gazteok behin eta berriz kriminalizazioak jaso eta lan prekarizazioa sufritzen dugu. Hori ere pandemia baita.

Gaur plazara irtetzen gara, kontziente izanda zeinen zaila dugun espazio publikoetara heldu eta instituzioek gure eskubideak aitortzea. Guk gure aldetik argi dugu, feminismoa ezin daitekeela egun bakarrera mugatu, horregatik, hemen zaudeten guztioi eskatu nahi dizuegu, emakumeon borroka bulebarretik zuen egunerokotasunera eramatea. Nahiz eta feminismoa emakumeon borroka izan, guztiok daukagu zeregina, goazen gure pribilegioak identifikatu, onartu eta deseraikitzera.

Sistemak hainbeste kendu digu, non beldurra ere kendu digun. Zuen legedi guztien gainetik, ez gaituzue kikilduko. Gaurko egunean gurekin ez daudenak zein gurekin egon ezin duten emakume guzti horiek gogoratzen ditugu. Eta nola ez, ez dugu ahaztu nahi gaur Irati bere gurasoengandik banatu dutela. Gaur martxoak 8, bere urtebetze egunean, sistemak bere familairengandik banatu du indarrrez. Horregatik Suteak argi utzi nahi du, Irati Euskal Herrian eta familiarekin nahi dugu!

Hori guztia aurrean, elkar zaintza eta komunitatea jarri beharra dugu erdigunean. Gure arteko elkartasun sareak ehuntzean, hori baita benetako zaintza, ez saldu nahi diguten eredu indibidualista hori, kontrol sozialean eta gazteon kriminalizazioan oinarritzen dena.

Euskal herrian eta Euskal Herritik, Feminismotik dena aldatzera gatoz. Ardura kolektiboz jokatzera. Gure jardun feminista indartuz, elkar zainduz, saretuz. Joan gaitezen ba sistema arrakalatzera!

Gora borroka feminista!

325 pertsona bildu ziren Leioako Sare Feministak egindako deialdira, Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean I Argazkia: Leioako Sare Feminista
Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude